Koronabirusa

Koronabirusaren eragina murrizteko neurri berriak hartu ditu Gasteizko Udalak

Erredakzioa 2020ko mar. 23a, 18:20

Bide publikoaren desinfekzioa indartzea, ospitaleetako langileei aparkalekuak doan erabiltzeko aukera ematea, elikagaiak kanpoaldean dituzten saltokiak zigortzea eta Udalaren haur eskolek familiei laguntzea erabaki du Udalak.

Koronabirusaren hedapena geldiarazteko eta bere eragina murrizteko neurri berriak ezagutarazi ditu Gasteizko Udalak astelehen goizean, Gorka Urtaran alkateak eskaini duen agerraldian.

Udal garbitzaileak: 30 talde eta 2 txanda

Gaurtik aurrera, 6:30etik 22:00ak arte, etengabe, bi txandetan antolatutako udal garbitzaileek Gasteizko leku jendetsuenen desinfekzioa areagotuko dutela iragarri du alkateak. Txanda bakoitzean hamabost talde egongo dira lanean.

Udalak horretarako behar den materiala eskatu du, eta berehala iristea espero du. Langileek ihinztatzeko desinfekzio ekipoak eta norbera babesteko ekipamendu (NBE) bereziak izango dituzte.

Gorka Urtaranek zehaztu du hainbat lekutan emango direla desinfezio lan bereziak: ospitale eta osasun zentroen kanpoaldea, janari denden eta dekretuz irekitako saltokien ingurua, autobus zein tranbiaren markesinak eta garraio publikoko geltokiak, besteak beste.

Doako aparkalekuak eta garraio publikoa

Mugikortasunari dagokionez, Osakidetzako arlo guztietako langileek Santa Barbara eta autobus geltokiko aparkalekuak doan erabiltzeko aukera izango dute; Osakidetzako langileak direla egiaztatu beharko dute neurriaz baliatu ahal izateko.

TUVISAko zerbitzuak ere berrantolatu egin dituzte, eta asteartetik aurrera ordutegi berriak egongo dira.

Bestalde, Arriagako karabanen aparkalekua igandean itxi zela jakinarazi du Udalak.

Elikagaiak saltokien barruan

Gorka Urtaran alkateak azaldu duenez, asteartetik aurrera, Udalak zigortu egingo ditu kanpoaldean elikagaiak jartzen dituzten saltokiak. Egunotan Udaltzaingoa hasi da negozioak ohartarazten, baina hemendik aurrera isuna jartzeko arrazoia izango da. Izan ere, Gasteizko Udalaren aburuz, egungo alarma egoerarekin "bateraezina" da.

Halaber, agintari eskudunak establezimenduren batek kutsatzeko arriskua duela uste badu, horren jarduera etengo duela iragarri du alkateak.

Udalaren haur eskolak

Ikasleen gurasoei koronabirusak eragindako egoera eramaten laguntzeko plan bat garatzen ari dira Udalaren haur eskolak. Seme-alabak estimulatzeko materialak eskainiko eta etxealdirako gomendioak zabalduko dituzte.

Gainera, apirilean ordaindu beharreko martxoko kuota hezkuntza zerbitzua zabalik egon zen egunetara murriztuko da -hilaren 1etik 9ra, biak barne-.

Indarkeria matxista

Gasteizko Udalak indarkeria matxista jasateko arriskuan dauden pertsonei gogorazi die arreta baliabide guztiak martxan dituela, ezohiko egoera honetan ere. Zentzu horretan, behar izanez gero udal baliabideetara jotzeko eskatu dute:

  • Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzua: 945 13 44 44.
  • Udaltzaingoa (24 ordu): 092
  • Emakumeentzako Zerbitzu Espezializatua (24 ordu): 900 840 111 eta satevi@zerbitzuak.org
  • Ikusgune - LGTBIfobiaren Aurkako Behatokia: 633 30 96 53.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago