Koronabirusa

Funtsezkoa ez den lan presentziala bertan behera utzi du Eusko Jaurlaritzak

Erredakzioa 2020ko mar. 18a, 12:30

Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiak 2.000 langile ditu, Lakuan. / Mikel Arrazola (Irekia)

Dagoeneko gelditu diren Mercedes eta Michelinekin batera, Gasteizen pertsona gehien biltzen dituen lantokia da Lakuako egoitza. Sindikatuen eskaeren ondorioz, funtsezkoa ez den lan presentziala bertan behera utzi du Eusko Jaurlaritzak.

Soilik Lakuako egoitzan 2.000 pertsona inguruk lan egiten dute egunero. Koronabirusak eragindako osasun krisiaren testuinguruan, azken egunetan gutxienez bi kasu positibo antzeman dituzte Lakuako instalazioetako langileen artean, eta hainbat langile daude berrogeialdian.

Asteartean, EAEko administrazio orokorrean ordezkaritza duten bost sindikatuek 24 orduko epea eman zioten Eusko Jaurlaritzari "langileen osasuna bermatzeko" neurriak hartzeko. Eskaera onartu ezean ELA, LAB, UGT, CCOO eta Interinok Taldea sindikatuek mobilizazioak hasiko zituzten neurriak exijitzeko.

Funtsezko administrazio zerbitzuak bertan behera gera ez daitezen, gutxieneko zerbitzuak onartu dituzte sindikatuek: funtsezko zerbitzu presentzialetan ezinbesteko langileak bermatu, eta gainontzekoek etxetik lan egitea.

Halaber, erabakiak Administrazio Orokorreko zein erakunde autonomoetako langile guztiei eragitea nahi zuten sindikatuek, azpikontratatutako langileak barne.

Astearte arratsaldeko azken orduan, Funtzio Publikoko sailburuorde Andres Zearretak sindikatuen eskaerak onartu (ebazpena hemen irakurgai), eta funtsezko eginkizunak edo eginkizun kritikoak ez dituzten langile publikoek etxetik lan egin ahal izateko ebazpena sinatu du.

Ildo berean, Krisia Kudeatzeko Mahai Iraunkorra eratzea exijitu dute sindikatuek; mahai horretan sindikatuek, prebentzio delegatuek, Prebentzio Zerbitzuak eta Eusko Jaurlaritzak parte hartuko lukete. Segurtasun eta Osasun Batzordea izan liteke mahai hori.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago