'Kolpe', Iratxe Aguilera gasteiztarraren aurreneko abestia

Erredakzioa 2020ko mar. 18a, 09:36
Sormen Beka irabazi zuen Iratxe Aguilerak Durangoko Azokan. / Youtube

Emakumearen ahalduntzea aldarrikatzeko asmoz, beste era bateko mezuak zabaldu dituen musika estiloa hartu eta buelta eman nahi izan dio abesti honekin.

Durangoko Azokak antolatzen duen Sormen Beka irabazi zuen Iratxe Aguilera gasteiztarrak abenduan, Chickjuarez musikari eta ekoizlearekin batera. Bere proposamena, ezohikoa: kutsu latinoko dantzarako musika, euskaraz, eta ukitu feminista duena.

Ezaugarri horietan oinarrituz, ostiralean argitaratu zuten lehenengo singlea: 'Kolpe', eta gasteiztarraren hitzetan, "euskal kulturaren periferiatik konplexurik gabeko hitzak eta erritmo dantzagarriak dakartza". Azkenaldian indarra hartzen ari den aldarrikapenarekin bat egin du Iratxe Aguilerak, eta eduki eta hitz berriak eraman nahi izan dizkio betidanik beste era bateko mezuak zabaldu dituen musika estiloari, "Euskal Herrian ez baitago genero honetan sortutako askorik".

Hasiera batean, asmoa pop musikarekin saiatzea izan zela adierazi du gazteak, baina azkenean matxismoarekin lotzen den musika motari buelta eman eta bestelako zerbait egiten hasi ziren. Hala, abestiak "perreoa, dantzarako erritmoak, sensualitatea eta emakumezkoaren boterea adierazten ditu, betidanik gizonezkoak nagusi izan diren musika mota honetan".

Hain zuzen ere, gaur egungo gazteek musika mota horiek entzuteko joerak gora egin duela ikusita, irudia aldatu behar dela adierazi du: "Zerbait ezberdina egiteko ekarpena egingo dugu". Horregatik, soinu horien bidez, emakumearen ahalduntzea aldarrikatu nahi du: "Guztiok eroso dantzatzeko eta abesteko moduko oinarri feminista hartu eta genero hau neureganatu nahi izan dut, gizonek egin izan duten bezala, emakumeok arazorik gabe abestu dezakegula erakusteko". Eta hauxe emaitza:

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide