Gasteizko Txagorritxu ospitalean egiten du lan Ane Ibañez Monton erizainak, Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU). Koronabirusa iritsi aurretik, larrialdietan zegoen lanean, baina birusak eragindako baldintzak behartuta, lekuz aldatu dute. Azken asteotan bizi izandakoa eta gaur egungo egoeraren berri eman du datozen lerroetan.
Nola dago Txagorritxu?
ZIU dagoeneko beteta dago larri dauden gaixoekin, eta hortaz, ebakuntza-geletako solairua egokitu behar izan dugu, ZIU moduko unitate bat sortzeko, gaixo guztiak artatu ahal izateko. Bertan dauden arnasgailu guztiak behar ditugu.
Zaintza Intentsiboetako Unitateaz gain, bestelako solairuetan ere izango dira koronabisua duten gaixoak, ala?
Noski. Ospitalean zehar badaude solairu asko bakartuta dauden gaixoekin; oraingoz, zaintza kritikorik behar ez dutenekin. Bestalde, paziente ahulenak, hala nola, onkologian, ginekologian eta amatasun atalean daudenak, bigarren solairuan daude; koronabirusa dutenetatik ahalik eta urrunen dituzte, babesteko asmoz.
Okerrena oraindik ez dela heldu diote.
Egia da. Nire ikuspegia ez da oso itxaropentsua, ZIUa beteta egonda, pazienteak egoera kritikoan jartzen direnean agian ez dugu izango ez bitartekorik ez eta lekurik horiek artatzeko, eta orduan inprobisatu beharko dugu, beste solairu batzuetan ZIU moduko gelak egiten. Bestetik, espezialitate horretako langileak garenak gara, eta egunotan operazio-geletako lankideei formakuntza azkarra ematen ari gara. Zaintza lanak oinarrizkoak bihurtzen ari dira, gaixoak txanda batetik bestera bizirik mantentzeko. Dena dela, alde positibo bat ere badu guzti honek: alegia, jendea prestutasuna ari dela erakusten eta langileak %200ean ari direla lan egiten; larrialdietakoak, %300ean. Kontuan izan behar da hasieran kasu bakarra heltzen zela egunean, eta egunotan gau bakar batean 70 lagunetik gora ospitaleratzen dituztela birusarekin. Izugarria da.
Osasun arloko profesionalentzat oso gogorra izango da horrela lan egitea...
Bai, azkenean estres maila handiarekin bizi gara. Eta gezurra ematen du baina norbera babesteko ekipamenduarekin lan egiteak ere bere zailtasunak ditu; kontuan izan behar da zazpi ordu eman behar ditugula horrekin eta zailtasun handiak ematen dituela.
Horri gehituko zaio hainbat lankidek ere koronabirusarekin kutsatuta daudela...
Hala da. Hau guztia hasi zenean, ez genuen sinisten Txagorritxu bezalako ospitale txiki batera helduko zenik. Bat-batean heldu zen, ospitale barrura sartuz. Orduan ez genuen sinisten horrelakorik gertatzen ari zenik, protokoloak egunero aldatzen ziren. Hasieran esaten ziguten maskarak ez genituela erabili behar, katarro bat baino ez zela. Baina, gero ikusi dugu gure burua eta gure familia arriskuan jarri ditugula pazienteak artatzerakoan. Orain norberak du bere ekipamendua, baina lehen ez, eta badago jendea kutsatu egin dena; eta batzuk sintoma larriak dituzte. Zenbaitetan froga beranduegi egin da, gainera. Babesik gabe sentitu gara askotan.
Zuri, esaterako, proba egin dizute?
Ez. Probak egiteko arrisku kontaktua eduki behar izan duzu: hau da, 15 minututik gora metro bat baino gutxiagora egotea positibo izandako batekin; kotxea partekatzea koronabirusa duenarekin edo paziente bat artatzea maskara gabe. Kasu horietan, sintomak izan dituztenei proba egin zaie eta bakartu egin dituzte. Bestela, arrisku txikiko kontaktuak izan ditugunoi, ez.
Nola zabiltzate lan egiten?
Txanda normalak egiten: sei egunez egiten dugu lan, txanda bakoitzean bi egun; eta gero hiruzpalau egun ditugu jai. Jardun murriztua dutenei, bestalde, osora egoteko aukera eman zaie. Horrekin lotuta, aipatzekoa da errefortzu asko ekarri dituztela ZIUra; bereziki, osasun zentroetan lanean zeudenak eta zaintzetan espezialistak direnak; eta, aipatu bezala, larrialdietako ebakuntza-gelak baino ez daude funtzionamenduan, eta hortaz, gainerakoetako lankide gehienak ere errefortzu gisa etorri dira. Bestalde, lankide batzuk egokitutako ZIU berrira bidali dituzte, eta ingurunea berria izateaz gain, baliabide gutxiago daude. Ahal dena egiten dugu.
Nolako aurreikuspenekin egiten duzue lan?
Aurreikuspena ez da oso ona. Egunero esaten digute momentu kritikoena ez dela oraindik heldu. Saturaziora ez gara iritsi oraindik, batzuetan heldu garela uste badut ere; eta etxean geratzen bagara, ez iristeko itxaropena dut. Dena dela, bagabiltza unitate berriak egokitzen, eta horrez gain, egoerari aurre egiteko osasun pribatutik beraien errekurtsoak eman behar digutenez, hor ere ate berri bat zabaltzen da. Baina honek aurrera jarraitzen badu, azkenean pazienteen artean hautaketa egin beharko dugu. Horrek tristura izugarria ematen du. Bestetik, aipatu nahiko nuke gaixoen familientzat oso zaila ari dela izaten: bisitatu ahal izateko datuak eman eta baimena jaso behar izateaz gain, atetik ordu erdiz bakarrik ikusi dezakete; ezin dute ukitu, besarkatu... Oso momentu gogorrak dira guztiontzako, baita guretzako ere.
Herritarrok kontziente izan gara egoeraren larritasunaz?
Ez dut uste. Nik neuk ospitalean errealitate bat bizi nuen bitartean, kalean jendea normaltasun osoz ibili izan da orain gutxira arte. Hasieratik ez digute ondo kontatu, eta nire ustez berandu heldu dira neurriak. Baina, aurrerantzean ondo egiten badugu, kurba horri buelta emateko gai izango garela pentsatu nahi dut.
Amaitu aurretik, zer diozu osasun arloko profesionalen lana txalotzeko egindako ekimenaz?
Lehenengo egunean, etxean nengoela, hunkitu egin nintzen; oso keinu polita iruditu zitzaidan. Eskertzen da, baina publikoaren alde borrokatzen dugunean ere gustura entzungo genituzke txaloak.