Sei langile kaleratze arriskuan AAF enpresaren Gasteizko lantegian

Erredakzioa 2020ko mar. 12a, 17:05

Osteguneko elkarretaratzea AAFren Gasteizko fabrikaren aurrean. / LAB sindikatua

130 langile baino gehiago ditu AAF enpresak, eta horietako sei kaleratu nahi dituela salatu du enpresa batzordeak. Gasteizko fabrikaren aurrean elkarretaratzeak egin dituzte, eta lanuzteak deitu dituzte datorren asterako.

Daikin multinazionalaren parte den AAF S.Ako enpresa batzordeak azaldu duenez, iragan astean zuzendaritzak Madrilgo Stejasa Agregados Industriales S.A. enpresa xurgatuko zuela adierazi zien. Enpresa hau "oso egoera latzean" dagoela diote, hartzekodunen batzarretik oso gertu. AAF enpresa haize iragazpen eta egokitzapenaren sektorean dihardu.

Astelehen honetan egindako bileran, ordea, bere planen berri eman zien zuzendaritzak: AAF enpresaren Gasteizko fabrikan sei langile kaleratuak izango dira, eta Stejasan beste zortzi.

Enpresa batzordea osatzen duten ELA eta LAB sindikatuen ordezkariek neurriak arbuiatu dituzte, enpresaren egoera "konpondu ordez, okertu egiten duelako".

Iragarritako kaleratze neurriak bertan behera uztea eskatu diote enpresari, eta Gasteizko fabrikako enpleguen mantentzearen aldeko apustua egin dezala.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago