Koronabirusa

Jimmy Jazz, Kubik, Mitika eta Burubio aretoak itxiko dituzte gaurtik aurrera

Erredakzioa 2020ko mar. 12a, 11:52

Kontzertu baten irudia Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. / Jimmy Jazz

Covid-19aren hedapena geldiarazteko eta bezeroak zein langileen osasuna zaintzeko, hainbat areto ixteko erabakia hartu dute, "abisu berria eman arte". Oraingoz, Amurrioko Burubio eta Gasteizko Jimmy Jazz, Kubik eta Mitika aretoek eman dute erabakiaren berri, sare sozialetan.

"Gure aretoko jarduera normalari berrekiten diogunean jakinaraziko dizuegu, bilakaera ikusi eta osasun-arloko gomendioei jarraituz. Asko zaindu zaitezte!", adierazi du Jimmy Jazz aretoak ostegun goizean, ohar bidez.

Mitika aretoak ere ostegun goizean bertan iragarri du erabakia, eta lasaitasun mezua zabaldu du bezeroen artean: "Jarduerari berreskuratzen dugunean jakinarazten joango gara, bilakaera ikusiz eta gomendioei jarraituz". Irekitzeko baimena dute eta erabakiaren inpaktu ekonomikoa ere onartu dute, baina erabakia "egoeraren aurrean osasuna zaintzeko" hartu dutela azaldu dute oharrean.

Amurrioko Burubio Kultur Elkarteak ere ohar bidez eman du Altar del Holocausto eta Le Temps Du Loup taldeen kontzertua bertan behera uzteko neurriaren berri: "Pena handiz larunbateko emanaldia bertan behera uzteko beharrean gaude. Jakingo duzuenez koronabirusaren ondorioz ekitaldi publikoak bertan behera gelditzen ari dira. Hala ere, jada lanean ari gara data berri bat bilatzeko", azaldu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago