Martxoaren 11tik aurrera hainbat prebentzio neurri aplikatuko dituzte Iruña Okan: gizarte etxean, zentro soziokulturalean eta kirol-instalazioetan egiten diren jarduerak etetea, baita erabiltzaileak liburutegira eta erretiratuen zentrora sartzea ere.
Halaber, Arrateko Kirol Gunean taldeka egiten diren jarduera guztiak bertan behera geratuko dira; Iruña Okako Udalak azaldu bezala, ezin izango da beste udalerrietako elkarte edo klubik sartu. Gainera, bazkide berri gisa sartu edo eguneko sarrerekin instalaziora sartzeko aukerarik ez da egongo.
Udal instalazioetan aurrez aurreko formakuntza jarduera oro, udal instalazioetan egiten diren eskolaz kanpoko jarduerak eta hamar pertsona baino gehiago biltzen dituzten bilerak, batzordeak eta udal osoko bilkurak bertan behera geratuko dira.
Pertsona asko biltzen dituzten kirol eta kultura ekitaldiei dagokienez, bertaratutakoen kopurua, lekua eta esparruaren gehieneko edukiera banan-banan aztertu ondoren, Eusko Jaurlaritzatik jasotzen den zehaztapena hartuko du kontuan Udalak.
Gizarte zerbitzuen kasuan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak zentro soziosanitarioei zuzendutako gomendioak eguneratzeko ardura hartu du Iruña Okako Udalak: "Familiek eta zentroetako erabiltzaileen bisitariek ez dute bisitarik egin beharko sukarra edo arnasketa-sintoma akutuak badituzte", azaldu dute ohar ofizialean. Modu bertsuan, ospitaleratutako paziente bakoitzeko senideen bisitak murriztea gomendatu dute.
Neurri horiek guztiak "beste abisu bat eman arte" luzatuko dira, baina datozen egunetan zehaztapen gehiago egingo dituela iragarri du Iruña Okako Udalak.