Agerraldia egin dute ELA eta LAB sindikatuek, koronabirusaren harira Txagorritxu ospitalean hedatu den kezka dela eta. Langileen babesa areagotzeko eta jardunean duten arriskua ahal den heinean gutxiagotzeko bermea eskatu diote Osakidetzari.
Urtarrilaren 30ean Nazioarteko Osasun Publikoko Larrialditzat jo zuten Covid-19 koronabirusa. Ordutik, Osakidetzak "berandu eta gaizki" erantzun duela salatu dute sindikatuek, "ez baititu baliabideak garaiz jarri, eta langileen eta herritar guztien osasuna behar bezala babestu gabe geratu da". Era berean, hartu beharreko neurrien eta eman beharreko pausoen aurrean, ebaluazio, plangintza, prestakuntza, informazio eta protokolo-ezartze falta izan dela adierazi nahi izan dute.
Horrez gain, kutsatua izatearen arriskua ezabatzeko edo gutxiagotzeko hartu behar diren neurriak kategoria guztietan ezartzea eskatu diote Osakidetzari, "bai sanitarioetan, bai ez-sanitarioetan, zein pertsonal azpikontratatuan".
Herritarrengana ere zuzendu dira, eta "osasunarekin duten konpromisoa eta sendotasun-mezua" helarazi nahi izan diete kutsatutako pertsonei eta haien senideei.