Jusapoleko ordezkariak epaituko dituzte Gasteizen, Julen Arzuaga mehatxatzeagatik

Erredakzioa 2020ko martxoaren 10a

Sindikatu polizialen ordezkariak Legebiltzarrean, 2019ko apirilean. / @JuanManuelLacr1

Estatuaren indarkeriaren biktimak aitortzeko legea onartzerakoan, istiluak eragin zituzten Legebiltzarrean polizia sindikatuetako ordezkariek. Epaiketa bihar izango da Gasteizko Justizia Jauregian.

Iazko apirilaren 4an, estatu indarkeriaren biktimak aitortzeko eta erreparatzeko legea onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. PPk gonbidatuta bertan zeuden polizia sindikatuetako ordezkariek legebiltzarkidearen hitzartzea moztu, keinuak egin eta irainak bota zizkioten Julen Arzuaga laudioarrari.

Keinuetako bat eskuarekin pistola bat balute bezala egitea izan zen. Behin eztabaida parlamentarioa amaituta, Jusapol sindikatuko bozeramaile batek delitu larriak publikoki leporatu zizkion Arzuagari, eta EH Bilduk salatu du horrek "irain eta mehatxu larriak" eragin zituela sare sozialetan.

Legebiltzarreko Mahaiak adierazpen publikoa egin zuen orduan, Arzuagari babesa erakusteko eta mehatxu eta irainak gaitzesteko. Gertatutakoaren ondorioz salaketa aurkeztu zuen Arzuagak, atentatua, irainak eta mehatxuak egotzita.

Maiatzaren 26an aintzat hartu zuen Gasteizko 4 zenbakiko Instrukzio Epaitegiak. Bihar, 9:00etatik aurrera, ahozko epaiketa egingo da Jusapol, Jucil eta SiPE sindikatuetako ordezkarien aurka. Espainiako Poliziaren, Guardia Zibilaren eta Ertzaintzaren sindikatuak dira, hurrenez hurren.

EH Bilduk "biktima guzti-guztiek, salbuespenik gabe, egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko eskubidea" dutela adierazi du epaiketaren atarian. "Estatuko Segurtasun Indarren hainbat ordezkarik, ordea, Estatuak eragindako biktimen existentzia bera" ukatzen dutela salatu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago