Asteartetik aurrera itxiko dira liburutegiak, igerilekuak, ariketa gelak, kirol kantxak eta beste hainbat zerbitzu. Udal jarduerei eragiten die neurriak, baina baita euren entrenamendu, solasaldi edo bileretarako instalazio horiek erabiltzen dituzten klub eta taldeei ere; jarduera horiek etenda geratuko dira martxoaren 23ra arte.
Neurri hauen barruan sartzen da Mendizorrotzeko eta Gamarrako udal kirol ekipamenduak ixtea. Ignacio Aldekoa Kultur Etxeko liburutegia ere itxita aurkitu dute erabiltzaile askok; izan ere, programatutako jarduera guztiak bertan behera utzi zituzten astelehenean. Eta Udalak Antzoki Sarearen jarduera ere etengo du martxoaren 11tik aurrera.
Funtsezko irizpidea adingabeak espazio itxietan elkartzea saihestea dela azaldu du Udalak: "Koronabirusak bereziki ez die eragiten, baina gaixotasuna nahiko erraz transmititu dezakeen biztanleria sektorea da". Horregatik, hainbat neurri jarri dituzte martxan.
Gizarte etxeetan jarduera etetea, bi zerbitzutan izan ezik: Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan eta Herritarren Arretarako Bulegoetan. Kirol instalazio guztietan ere jarduera etengo da.
- Bertan behera utzi dute aurrez aurreko prestakuntza jarduera guztia: udal hezkuntza-zentrotan jada hartu den neurria enpleguaren arloko prestakuntza zentroetara (CETIC eta Ignacio Ellacuria), gizarte etxeetan eta adinekoen zentro soziokulturaletan emandako ikastaroen bloke osora hedatzen da.
- Eskola-kiroleko jarduera eta Udal instalazioetan egiten diren jarduera fisikoko ikastaro guztiak eten dira.
- Pertsona asko biltzen diren kirol eta kultura ekitaldiei dagokienez, parte hartzaileen kopurua, ekitaldiaren lekua eta esparruaren gehieneko edukiera aztertuko da, Eusko Jaurlaritzaren irizpideak jarraituz.
- Adingabeen gizarte eta hezkuntza zentroen jarduera ere eten egin da.
Jarduera ugari bertan behera
Bestalde, Estadio Fundazioak Cervantes pasealekuan dituen instalazioak itxiko ditu gaurtik aurrera, eta bere kirol jarduera guztia bertan behera utziko ditu. Koronabirusak Gasteizen duen hedapena kontrolatzeko Eusko Jaurlaritzak emandako gomendioei jarraituz hartu dute erabakia: "Arrazoia epidemiologikoa da, inolaz ere ez bazkideen edo lantaldearen osasuna arriskuan dagoelako", azaldu dute.
Vital Fundazioak ere bertan behera utziko du, gaurtik aurrera, kultura programazioa Vital Fundazioa Kulturunean, prebentzio arrazoiak direla eta. Arabako hiriburuan gero eta gehiago dira jarduerak bertan behera utzi edo prebentzio neurriak hartu dituzten guneak.
Gainera, Foronda-Milan hegaldi guztiak ere bertan behera gelditu dira, apirilaren 8ra arte. Izan ere, jatorria edo helmuga Italia duten hegaldi guztiak baliogabetu ditu Ryanairrek, ostiral honetatik aurrera. Enpresa honek Gasteiz eta Bergamo lotzen ditu astean bitan, asteartetan eta larunbatetan.
Adinekoentzako neurri espezifikoak
Adinekoentzako zerbitzuen arloko neurri espezifikoak ere indartuko dira. Gizarte zerbitzuen kasuan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak zentro soziosanitarioei zuzendutako gomendioak eguneratzeko ardura hartu du Udalak. Horrek esan nahi du familiek eta zentroetako erabiltzaileen bisitariek ezingo dutela bisitarik egin sukarra edo arnasketa-sintomak badituzte.
Era berean, ospitaleratutako paziente bakoitzeko senideen bisitak murriztea ere gomendatzen da. Eskuen higienerako eta arnas higienerako neurriak ere zorroztuko dituzte, gainazalen garbiketak indartzeaz gain. Neurri horiek guztiak hartzen badira ere, datozen egunetan zehaztapen gehigarriak egingo dituztela azaldu dute.
Eta azkenik, Gasteizko Udalak ezarritako neurriak ulertu ditzatela eskatu die familiei, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako prebentziorako jarraibide orokorren garrantzia azpimarratu du.
153 kasu Araban
Orain arte, hiru pertsona hil dira Araban Covid-19 gaitzarekin. Herrialdean gora egin dute kasuek aste honetan, eta Osakidetzaren azken datuen arabera, 153 kutsatu daude Araban, atzo baino 31 gehiago. Horietako 51 ospitalean daude.
"Gurasoei lasaitasuna eman nahi diet. Haurrak osasuntsu daude, baina birusa transmititzeko gaitasun handiagoa dute, eta ez dugu nahi transmisioa etxeetara iristea; gurasoak eta adinekoak daude han, eta horiek bai, arrisku handiagoa dute", esan du Osasun sailburu Nekane Murgak.
Itxi ez dituzten ikastetxeetako gainerako ikasleei tenperatura hartu behar zaiela azaldu du sailburuak. 37 gradu baino gehiago edo arnas sintomak badituzte, etxean geratu behar dute.