Osasun Sailak beste 13 kutsatu baieztatu ditu ostiral honetan Gasteizen. Gaur egun 33 koronabirus kasu daude hirian, eta horietatik 13 ospitalean daude. Osakidetzak ez du argitu beste patologia batzuk dituzten pertsonak ote diren.
Kutsatze kasuen bilakaerak ez du oraingoz neurri berririk hartzea eskatzen. Hala ere, Osakidetzak prebentzio neurriak hartzea aholkatzen jarraitzen du, koronabirusa ez kutsatzeko. Txagorritxuko fokuaren jatorria eta zero gaixoa nola kutsatu zen ezagutzeko lanean jarraitzen dute.
Kutsatu berrietako batzuk ospitaleetan kutsatu ez diren eta pneumonia duten pertsonak dira: "Identifikatuta geneukan foku edo transmisio lerro batetik ez datoz. Horrek ahalegina eskatzen du kontaktuak identifikatzeko eta non izan den jakiteko", azaldu du Nekane Murga sailburuak ostegunean.
Bostehun proba egin dituzte azken bi asteetan EAEn, eta %90ek baino gehiagok ezezkoa eman dute. Bestalde, gripearen sintomak zituzten 102 gaixori ere probak egin dizkiete, eta aztertu dituzten 102ek ezezkoa eman dute.
Foku berria adinekoen egoitza batean
Ostiraleko eguerdian jakin dugu bi positibo berri antzeman dituztela Gasteizko adinekoen egoitza batean; zati batean Aldundiarekin hitzartutako egoitza da San Martingo Sanitas, baina kudeaketa pribatua du.
Dagoeneko hiru kasu daude zentro horretan, lehen gaixo batek asteazkenean positibo eman ondoren. 98 egoiliarrak behaketan daude, eta nolabaiteko isolamenduarekin. Hala ere, ez daude berrogeialdian: bisitak jaso ditzakete, eta geletatik ateratzeko aukera dute.
Enpresa kudeatzailea hasieratik saiatu zen senideei lasaitasun mezu bat helarazten. Diagnostikatutako lehen gaixoa Txagorritxura beste patologia batengatik eraman zutenez, egoitzako beste pertsonekin harremanik ez zuela izan azaldu zuen enpresak.
Hala ere, pertsona hori egoitzara itzuli zela eta beste pertsonekin harremanetan egon zela baieztatu dute. Osasun egoerak okerrera egin zuenean berriro ospitaleratu zuten; eta orduan eman zuen positibo.
Anbulantzietan "babes neurri falta" salatu dute
LAB sindikatuak salatu du egoitza horretako gaixoetako bat anbulantzian eraman zutela "langileentzako babes neurririk gabe".
Sindikatuak azaldu duenaren arabera, otsailaren 29an, larunbatean, agindu bat jaso zuen Arabako Larrialdietarako Osasun-Garraiorako Sareko (LOGS) anbulantzia batek, eta egoitzara hurbildu zen gaixo bat Txagorritxuko larrialdietara eramateko.
"Langileei ez zieten jakinarazi gaixotasun kutsakor baten aukeraren aurrean zeudenik, beraz, ez zuten erabili eskura zuten Norbera Babesteko Ekipamendua (NBE)", azaldu du LABek. Hiru egun beranduago, martxoaren 3ko iluntzean, jakin zuten positibo emandako gaixo bat eraman zutela.
Eta martxoaren 4ra arte, enpresak ez zuen agindurik eman anbulantzia desinfektatzeko. "Anbulantzietako langileak erabat babesgabe daude egoera horren aurrean; izan ere, ez dute beharrezkoa den informazioa jasotzen eta ezin dituzte eskura dauden protokoloak erabili", salatu du sindikatu abertzaleak.
Baskonia-Milan
Martxoaren 25eko Baskonia-Milan partida ateak itxita jokatuko da. Osasun sailburuak aste honetan baieztatu duenez, Baskonia-Milan Osasun Ministerioaren egungo jarraibideek eragindako partida da; izan ere, Italiako taldeen aurkako partidak ateak itxita jokatzea agindu du.
Hiru aste falta dira oraindik, eta epe horretan birusaren bilakaeran aldaketak egon daitezke. Baina, oraingoz, Osakidetza eta beste erakundeen arteko protokoloak harmailak hutsik jokatzera behartzen du.
Prebentzio neurriak
Osasun sailak koronabirusaren aurrean jarduteko informazioa eta gomendio orokorrak argitaratu ditu webgunean. Horrez gain, herritarrei zuzendutako irizpideetan, sintomak nabarituz gero –eztarriko mina, arnasa hartzeko zailtasunak, eztula...– edota koronabirus kasu ugariak egondako leku batean izan ostean, osasun zerbitzuekin harremanetan jartzea eskatu dute.
Sintomarik izatekotan, etxean geratu eta 900 20 30 50 telefonora deitu behar da. Ez da, inolaz ere, Osasun Zentrora joan behar.
Euskal Herri osoko informazioa
TOKIKOMeko toki komunikabideek osatzen dugun sareak, Koronabirusari buruz egindako jarraipena tokian-tokiko informazio eguneratuarekin jarraitzeko aukera eskaintzen dizugu. Bertan aurkituko dituzu lurralde osoko kutsatutakoen kasuak, elkarrizketak, aholkuak eta bestelako informazio osagarriak.