Zinema feminista zikloa abiatuko du Artiumek

Erredakzioa 2020ko mar. 6a, 10:41
Alice Guy-ren pelikulekin hasiko da zikloa. / 'Les résultats du féminisme'

Alice Guy, Germaine Dulac, Maya Deren, Mirentxu Loiarte, Chantal Akerman eta Agnes Vardaren pelikulak eskainiko ditu, martxoaren 7tik aurrera. 

Artium zentro museoak Hasieratik. Zinema feministaren istorioak eskainiko du martxoaren 7tik aurrera, zazpigarren artearen historian zeharreko beste ibilbide bat proposatzen duen zinema zikloa. Bidaia horretan, emakumeak eta diskurtso feminista hasiera-hasieratik ageri dira, eta hizkuntza zinematografikoaren garapenaren une garrantzitsuenen parte dira.

Zikloak zazpi saio izango ditu, hilean bat, martxotik ekainera, urrian, azaroan eta abenduan. Lehen saioa (martxoak 7, larunbata, 18:00etatik aurrera) Lur Olaizolak (Donostia, 1988) aurkeztuko du, zinemagile eta Tabakalerako Ikus-entzunezkoen koordinatzaileak, eta zinemagintzan aitzindari izan ziren zuzendariei eskainia egongo da, hasieratik zinemagintzaren hizkuntza eraikitzen lagundu zutenei: Alice Guy, Germaine Dulac eta Maya Deren-i.

Alice Guy (Saint Manda, 1873 - Wayne, 1968) zinemaren historiako lehen film narratiboaren, La Fée aux Choux (1896), egiletzat jotzen da, Lumiere anaiek film baten lehen proiekzioa egin eta urtebetera. Ia genero guztietako 600 film baino gehiagoren egilea, zazpigarren artean profesionalki aritu zen lehen pertsona izan zen, eta efektu bereziak erabiltzen aitzindaria. Artiumek Alice Guyren bi film labur proiektatuko ditu lehen saio honetan: Les résultats du feminisme (Feminismoaren ondorioak; 1906), bertan, genero-rolak barregarri uzten dira feminitatearen estereotipoei erantzuten dieten gizonekin eta maskulinitatearen kanonen arabera jokatzen duten emakumeekin; eta Madame a des envies (Andreak gurariak ditu; 1906), non, era berean, garai hartako zenbait genero-kode iraultzen diren.

Germaine Dulac (Amiens, 1982 - Paris, 1942), berriz, zinema zuzendaria, ekoizlea eta teorialaria izan zen. Bere lehen pelikulak 1915ekoak dira, eta hainbat film komertzialen ondoren abangoardiako lurralde esperimentaletan barneratu zen. Zikloaren barruan haren film feminista esplizituentzat jotzen dena proiektatuko da, La souriante Madame Beudet (La sonriente señora Beudet; 1923) inpresionista.

Azkenik, Maya Deren (Kiev, 1917 - New York, 1961) XX. mendeko zinema esperimentalean eragin handiena izan zuen zinemagileetako bat izan zen, seguru asko. Zuzendaria, koreografoa eta idazlea, arte plastikoen eta zinemaren arteko loturan funtsezko irudia da, eta Guggenheim beka jaso zuen lehen emakumea izan zen1946an. Bere bigarren filma proiektatuko da Hasieratik zikloan, At Land (Lehorrean; 1946), film labur mutu surrealista.< 

Chantal Akerman, Agnes Varda, Mirentxu Loiarte...
Lehen saio honen ondoren beste sei etorriko dira apirilean, maiatzean, urrian, azaroan eta abenduan. Apirilean, hain zuzen ere, Saute ma ville (Lehertu zaitez nire hiria; 1968), Chantal Akermanen (Brusela, 1950 - Paris, 2015) opera prima film laburra proiektatuko da, eta Vera Chytilova txekiarraren (Ostrava, 1929 - Praga, 2014) Daisies (Bitxiloreak; 1966) luzea, Europako zinema esperimentalaren funtsezko lantzat jotzen dena.

Maiatzeko saioa Agnes Varda (Brusela, 1928 - Paris, 2019) zuzendariari buruzkoa izango da, Europako zinemaren eta erro feministako zinemaren Olatu Berriko pertsonarik nabarmenetako bat, 2017an ohorezko Oscar saria jaso zuena. Bi film proiektatuko dira: Réponse des femmes: Notre corps, notres sexe (Emakumeen erantzuna: gure gorputza, gure sexua; 1975) film laburra eta Daguerréotypes (1976). Ekainean Callisto McNultyren (Paris, 1990) Delphine et Carole, insoumuses (2019) dokumentala proiektatuko da, 1970eko hamarkadako borroka feministari buruzko lana, funtsezko bi izenetatik abiatuta: Carole Roussopoulos eta Delphine Seyrig.

Urtearen amaieran, urrian, Laura Mullvey-ren (Britainia Handia, 1941) eta Peter Wollen-en (Londres, 1938) Riddles of the Sphinx (Esfinjearen igarkizunak; 1977) filmak proiektatuko dira; azaroan Euskal emakumeak (1981), Mirentxu Loyarterena (Iruñea, 1938), eta Born in flames (1983), Lizzie Borden-ena (Detroit, 1958); eta abenduan, Cheryl Dunye (Liberia, 1966) zuzendariaren The Watermelon Woman (Angurri-emakumea; 1996).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide