Eusko Jaurlaritzak ahalik eta hondakin gehien hartzeko agindu dio Gasteizi

Erredakzioa 2020ko mar. 5a, 18:52

Orain arte Zaldibarren isuritako hondakin asko Gardelegira joango dira. / ALEA

Zaldibarko luiziaren ondorioz, datozen hamabi hilabeteetan Araban sortutako industria hondakin guztien artean "ahalik eta kantitate handiena" jaso beharko du Gardelegiko zabortegiak.

Urtebetez erantzun beharko dio Gasteizek Eusko Jaurlaritzaren aginduari, "orain arte hondakin horiek zein zabortegitara eraman diren kontuan izan gabe". Epea luzatzeko aukera ere zabalik dago, beraz, hamabi hilabete baino gehiago izan daitezke.

Ingurumen sailburu Iñaki Arriolaren bitartez egin du Eusko Jaurlaritzak eskakizuna, berak sinatu baitu agindua. Zaldibarko luizia dela eta, "aldi baterako premiazko neurriak" ezarri ditu sailburuak.

EAEko zabortegi guztiei eskatu die Jaurlaritzak beharrezko neurriak hartzea, baimendutako gehienezko edukiera erabiltzeko eta Erkidegoan sortutako hondakinei lehentasuna emateko. Orain arte Zaldibarren isurtzen zituzten Arabako enpresek sortutako 23.000 tona hondakin har ditzakeela zehaztu zuen Gasteizko Udalak.

Gaur egun, kopuru hori Gardelegiko udal zabortegiaren edukieraren %3a da; azpiegiturak urtero jasotzen duena baino %23 gehiago.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago