Azkeneko hiru kasu berrien artean, bi aurretik ere isolatuta zeuden pertsonak dira, lehendabiziko gaixoarekin edo jada atzemandako kasuetako batekin kontaktuan egoteagatik. Gaixotutako besteak ez zuen loturarik Txagorritxuko lehenengo kasuarekin; aurretik erietxean zegoen neumoniarekin.
Birusaren arrastoa eteteko helburuarekin, lagun horiekin kontaktuan izan diren dozenaka laguni jarraipena egiten ari zaizkie; besteak beste, osasun arloko ehun bat profesional bakartu dituzte, gehienak Txagorritxuko zero gaixoari lotuta.
Eusko Jaurlaritzako osasun sailburu Nekane Murgak asteazkenean jakinarazitakoaren arabera, gaixo guztiak egoera onean daude, eta "gertuko jarraipena" egiten ari zaizkie etxean bakartuta dauden lagunei.
Hala ere, ehun bat medikuren berrogeialdiak arazo handiak eragin ditu Osakidetzan: bai Txagorritxun, bai Santiagon eta baita osasun zentroetan ere. Aldi baterako langileak kontratatu behar izan dituzte azken egunetan, ezohiko egoerari aurre egiteko.
Prebentzio neurriak
Momentuz, Espainiako Osasun Ministerioak ez du salbuespenezko neurririk ezarri Gasteizen, hasiera batean eskolak bertan behera uztea edo telelana bezalako neurriak planteatu ziren arren.
Herritarrei zuzendutako irizpideetan, sintomak nabarituz gero –eztarriko mina, arnasa hartzeko zailtasunak, eztula...– edota koronabirus kasu ugariak egondako leku batean izan ostean, osasun zerbitzuekin harremanetan jartzea eskatu dute. Sintomarik izatekotan, etxean geratu eta 900 20 30 50 telefonora deitu behar da. Ez da, inolaz ere, Osasun Zentrora joan behar.
Euskal Herri osoko informazioa
TOKIKOMeko toki komunikabideek osatzen dugun sareak, Koronabirusari buruz egindako jarraipena tokian-tokiko informazio eguneratuarekin jarraitzeko aukera eskaintzen dizugu. Bertan aurkituko dituzu lurralde osoko kutsatutakoen kasuak, elkarrizketak, aholkuak eta bestelako informazio osagarriak.