Koronabirusa

Hamar koronabirus kasu baieztatu dituzte Gasteizen

Erredakzioa 2020ko mar. 3a, 17:47

Arabako Unibertsitate Ospitalea airetik ikusita, Txagorritxun. / Mikel Arrazola (Irekia)

Osasun Sailak beste bi kutsatu baieztatu ditu, eta dagoeneko hamar dira koronabirus kasuak Gasteizen.

Bi kasu berriak aurretik ere isolatuta zeuden pertsonak dira, zero gaixoarekin edo jada atzemandako kasuetako batekin kontaktuan egoteagatik.

Horietako bat etxetik Txagorritxuko ospitalera eraman dute gauean, dagozkion analisi klinikoak egiteko. Beste pertsona isolamenduan dago, zero gaixoarekin harremana izan duelako.

Gaixo guztiak egoera onean daude; aldi berean, dozenaka lagunen jarraipena egiten ari da Osakidetza, kutsatuekin harremanetan egon direlako.

Hala ere, ehun bat medikuren berrogeialdiak arazo handiak eragin ditu Osakidetzan: bai Txagorritxun, bai Santiagon eta baita osasun zentroetan ere. Aldi baterako langileak kontratatu behar izan dituzte azken egunetan, ezohiko egoerari aurre egiteko.

Prebentzio neurriak

Astelehen arratsaldean jakin genuen Espainiako Osasun Ministerioak ez duela salbuespenezko neurririk ezarriko Gasteizen. Arratsaldean egindako erakunde arteko bileran erabaki zuten, hasiera batean eskolak bertan behera uztea edo telelana bezalako neurriak planteatu ziren arren.

Salbuespenezko neurri gehiagorik ez, baina koronabirusaren aurreko prebentzio neurrien eta gomendio orokorren garrantzia azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak.

Herritarrei zuzendutako irizpideetan, sintomak nabarituz gero -eztarriko mina, arnasa hartzeko zailtasunak, eztula...- edota koronabirus kasu ugariak egondako leku batean izan ostean, osasun zerbitzuekin harremanetan jartzea eskatu du Osakidetzak.

Norbaitek sintomaren bat badu edota arrisku gune batean egon bada, etxean geratu eta 900 20 30 50 telefonora deitu behar du. Ez luke, inolaz ere, Osasun Zentrora joan behar.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago