Arkautiko Akademiako euskara irakasleen prekarizazioa salatu dute

Erredakzioa 2020ko mar. 3a, 16:10
Arkautiko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia. / IREKIA

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako euskara irakasleak "low-cost" azpikontratatzea leporatu dio ELA sindikatuak Eusko Jaurlaritzari.

Arkautiko Akademiako agenteei hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko oinarrizko ikastaroak eman ahal izateko giza baliabide eta baliabide teknikorik ez daudela azaldu du sindikatuak.

Bitartean, euskara irakasle lanpostuak suntsitu ondoren, "prekarioan" azpikontratatzen direla salatu du ELAk. 2014an bederatzi ziren azpikontratatutako lanpostuak; gaur egun, ordea, hogeitabi dira. Gainera, 2019ko abenduan geratzen ziren lanpostu finkoetako bi desagerrarazi zirela salatu dute.

Azaldu dutenez, HABErekin egindako hitzarmen baten bidez egiten da azpikontratazioa, eta honek, era berean, euskaltegiak azpikontratatzen ditu; "azpikontrataren azpikontratazioa" gertatzen ari dela dio sindikatuak.

Horrez gain, soldatari dagokionez, euskara irakasleek gaztelaniazko homologoek baino bi maila gutxiago kobratzen dutela azaldu du ELAk, lan bera egiten duten eta titulazio osatuagoa eskatzen zaien arren.

"Argi dago kontratazio beharrak badaudela, eta zentroak garatzen duen jarduera ikusita, lanpostu horiek egiturazkoak dira", sindikatuaren hitzetan. Ondorioz, dagozkion alegazioak aurkeztu ditu ELAk Administrazioan, egoera salatzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide