Martxoak 8

Mugimendu feministari San Migeleko balkoia erabiltzeko baimena ukatu dio Udaltzaingoak

Erredakzioa 2020ko mar. 3a, 10:41
Balkoia erabiltzea ukatu dio Udaltzaingoak mugimendu feministari. / ALEA

Martxoaren 8ko ekitaldietarako San Migel elizako balkoia erabiltzeko baimena ukatu du Udaltzaingoak, "gune berezia eta sinbolikoa" dela argudiatuta.

Gasteizko mugimendu feministak San Migel elizako balkoia eskatu zuen Martxoaren 8ko mobilizazioen ekitaldi nagusia bertan egiteko. Udaltzaingoak baimena ukatu dio "gune berezia eta sinbolikoa" dela argudiatuta.

Otsailaren 28an, Udaltzaingoaren komisario buruak ezezkoa eman zion mugimendu feministaren eskaerari: "San Migeleko balkonadaren berezitasuna eta sinbolismoa kontuan hartuta, Udalaren Zerbitzu Publikoaren irizpidea da ez baimentzea inolako megafoniarik edo egintzarik", argudiatu zuen idazkiak.

Komisario buruaren arabera, baimendu ohi diren bakarrak "udal jarduerak edo ekitaldiak" dira. Baina EH Bilduk arbitrariotzat jo du Udaltzaingoak hiriko mugimendu feministaren eskaria ukatu izana.

Rocio Vitero zinegotziak gogorarazi du Andre Maria Zuriaren balkoia erabiltzeko baimena izan dutela, besteak beste, Baskoniari zein Alavesi egindako harrerek, edota Korrikaren amaierako ekitaldiak.

"Mugimendu feministari ez zaio baimenik eman espazio publiko hori erabiltzeko hain berezia den Martxoaren 8an", salatu du Viterok, eta erabakia berrikustea eskatu dio udal gobernuari.

Halaber, mugimendu feministaren lana ez oztopatzeko eta azken ekitaldia baimentzeko eskatu dio EH Bilduk udal gobernuari, "Gasteizko mugimendu feministak eskatu bezala, ekitaldiak San Migeleko balkoian amaitu ahal izateko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide