Arkupeetan bizi ziren hamabi lagunak aste honetan aldatu dira handik hurbilera, Hedegile kaleko Aurora etxebizitza komunitario berrietara, eta jantoki soziala izango da hemendik aurrera. Udalaren gizarte zerbitzuek bideratutako pertsonei bazkari eta afariak emango zaizkie bertan. Baliabide ekonomiko nahikorik ez izateaz gain, bestelako arazoak dituzten pertsonei zuzendutakoa da, besteak beste, etxean janaria prestatzeko aukerarik ez dutenentzat.
Arkupeetako jantoki sozialak Udalaren gizarte zerbitzuek eskaintzen dituzten menuen kopurua handitzen lagunduko du; 2019an 2.453 otordu eman zituen egunean, gosariak, bazkariak eta afariak batuta. Adinekoei laguntzeko San Prudentzio zentro integraleko sukalde nagusitik irteten dira menu horiek, bertan prestatu, biltegiratu, ontziratu eta banatu egiten dira Gizarte Politika Sailak kudeatzen dituen zerbitzuetan eskaintzen diren otorduak. Iaz 895.345 otordu banatu ziren, tartean adinekoei janaria etxera eramateko zerbitzuaren bitartez edota San Prudentzio egoitza eta eguneko zentroan.