Euskara Ibiltaria erakusketa prestatu dute Oihaneder Euskararen Etxean. Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa abiapuntu, euskararen aldakortasuna eta aberastasuna erakutsi nahi ditu, modu interaktiboan. Otsailaren 28tik apirilaren 26ra bitartean izango da zabalik, eta sarrera doakoa izango da. Gainera, Euskaltzaindiaren webgunean ikusgai izango da, eta ikastetxeentzako zein euskaltegientzako bisita gidatuak antolatuko dituzte.
Erakusketa bost atal nagusitan dago banatuta: tokiak, materialak, argia eta soinua, natura eta bizitza. "Ikustekoa, entzutekoa, ukitzekoa, dastatzekoa eta usaintzekoa" izango da prestatutakoa, Andres Urrutia euskaltzainaren hitzetan. Izan ere, atal horietako bakoitzean atlaseko mapen hautaketa bat agertuko da, eta euskarak izan dituen aldaera horiek modu bisualean erakutsiko ditu. Horrez gain, erakusketak jokoak, animazioak eta entzungaiak bezalako tresnak erabiliko ditu herri hizkeren aberastasuna erakusteko.
Ikusleak, euskararen aberastasunaz ohartzeaz gain, hizkuntza-atlas bat zer den ikusteko aukera izango du, eta horren bidez, XIX. eta XX. mendeetako garaiko bizimodua, gizartea eta ohiturak ezagutu: "Katebegi bat izatea nahi dugu, izan garenaren eta izango garenaren inguruan". Zentzu horretan, lekuan lekuko euskarak batzen dituen korpusa ezagutzera eman nahi du erakusketak; hots, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa oinarri den heinean, egitasmoaren historia eta atlasa lantzeko erabilitako metodologia, materialak eta bestelakoak ezagutzera eman nahi dute: "Herriari eskaini dioguna herriarengandik jaso dugu, eta hori da erakutsi nahi duguna".