Mundu osoko hiztun gazteak Gasteizen batuko dira irailaren 6tik 9ra, 2011n eta 2018an hirian egindako topaketen hirugarren edizioan. 80 gazte akademiko, ekintzaile eta artista biltzeko asmoa dute, "hizkuntzen biziberritzeari begira sare bat ehuntzeko" helburuarekin.
2018an mundu osoko 75 gazte elkartu ziren, 35 hizkuntza gutxitu ezberdinen presentziarekin.
HIGA2020! egitasmoko zuzendari Beñat Garaiok azaldu duenez, topaketen helburu nagusia hizkuntza gutxituetako mundu osoko hiztun gazteak batzea da, elkarren berri izan eta etorkizunera begira hizkuntza gutxituak biziberritzeko egitasmoak elkarlanean antolatzeko.
Biziberritze prozesuen inguruan oinarri teorikoak eta bizipenezkoak elkarbanatu nahi dituzte, topaketako parte hartzaileek ezagutza horiek euren komunitateetara eramateko.
Horrekin batera, lankidetza sustatzeko euskararen biziberritze prozesua ezagutzera eman eta partekatzea ere bada helburuetako bat. Finean, gazteen parte hartzea aktibatzea bilatuko du topaketak, "beraien bizitzaren esparru jakin batean, hizkuntzan", azaldu du Garaiok.
Udako ikastaro ofiziala
Aurten ere, Gasteizko Udalaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) artean Udako Ikastaro ofizial bat antolatu dute HIGA202! topaketaren harira; goizetan egingo da, gazte parte hartzaileei formakuntza eskaintzeko, eta hizkuntzen biziberritzearen inguruko hainbat gai jorratuko dira adituekin.
Pozik agertu da EHUko Mari Jose Olaziregi: "Arabako kanpusean 10-12 uda ikastaro antolatzen dira urtero, eta HIGA horien parte izateak Uda ikastaroei funtsezko ekarpena egiten die".
Harremanak sendotzeko parada
Hala ere, HIGA2020! ez da ekimen akademiko soila izango. Arratsaldetan ekintzak antolatuko dira Gasteiz hobeto ezagutzeko eta parte hartzaileen arteko harremana sendotzeko.
Ekitaldi kulturalak antolatuko dira gauetan: kontzertuak, antzerkiak, poesia emanaldiak... Gainera, antolakuntzak matrikula, otorduak eta lo egiteko tokia ordainduko die gazteei, eta 24 ordu pasatuko dituzte elkarrekin, lau egunez.
Hizkuntza gutxituen biziberritzea
Hizkuntza asko daude munduan, baina denek ez dute bermatuta beraien biziraupena. Munduan 6.000 hizkuntza eta 200 estatu daude; "atera kontuak", dio Iñaki Gurtubai zinegotziak.
Hala ere, gutxitutako hizkuntza batzuk biziberritze prozesuan murgilduta daude eta hori da Gasteizen adibidea: euskaldunak %6 ziren 1986an; 2016an, berriz, %26,17. "Hiri gutxi egongo dira munduan, beren hizkuntza halako neurrian biziberritu dutenik", ospatu du Gurtubaik.
Globalizazio garai hauetan, herri ekimenetatik abiatutako lana eta hizkuntza gutxituetako komunitate ezberdinetako kideen arteko elkarlana funtsezkoak direla azpimarratu dute antolatzaileek: "Gazteria izango da hizkuntza gutxituen biziberritzea ahalbidetuko duen gizarte-taldea".
Errealitate horri erreparatuz, HIGA2020! Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketa euskara eta hizkuntza gutxituak biziberritzeko prozesuan ari diren gazteak biltzeko espazio gisa ulertu dute Gasteizko gazte planak, lehenik, eta euskara planak, gero.
Elkarlan zabala
Ekimena ostegunean aurkeztu dute Oihaneder Euskararen Etxean, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunaren bezperarekin kointzidituz. Bertan izan dira anolatzaileen ordezkari nagusiak.
Besteak beste, HIGAko zuzendari Beñat Garaio, Gasteizko Udaleko zinegotzi Iñaki Gurtubai, Mari Jose Olaziregi Letren Fakultateko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketa Sailburua, Josune Zabala Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria, Arabako Foru Aldundiko Lexuri Ugarte Gobernantza Irekiko eta Euskara Zuzendaria eta Vital Fundazioen zuzendari exekutibo Axier Urresti izan dira.
Aurreko esperientziaren ondoren erakunde gehiago batu dira HIGA2020! indartzeko. Hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren kasua. Josune Zabala HPSko Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak "gutxiagotasun linguistikodun egoeran dauden gazteen arteko topaketek sinergietan eta harremanetan izan dezaketen eragin biderkatzailea" nabarmendu du.
Aldundiko Lexuri Ugarteren aburuz, "aukera paregabea da hizkuntza gutxituen aldarria gertutik ezagutu eta lau haizeetara zabaltzeko", arabarron euskararen aldeko apustua goraipatuz. Aldundiak, Euskara Sustatzeko 2019-2013 Plan Estrategikoaren barruan, "euskara eta gazteria binomioari so egiteagatik" eskaini dio babesa ekimenari.
Azkenik, Axier Urresti Vital Fundazioaren zuzendari exekutiboak erakundeak "gure lurraldeko ondare historikoarekin eta kulturalarekin duen konpromisoa" nabarmendu du.