Ihauteriak 2020

Gasteizera iritsi dira ihauterietako ospakizunak eta konpartsak

Erredakzioa 2020ko ots. 20a, 12:08
Goiuri jauregian aurkeztu zituzten konpartsak, asteartean. / Gasteizko Udala

Otsailaren 20tik 25era izango dira aurtengo ospakizunak. Ostegunean hasiko dira, Ostegun Gizenarekin. 26 konpartsa eta 7.162 pertsona arituko dira asteburuko desfileetan.

Otsailaren 20tik 25era arte iraungo du 2020ko Gasteizko Inauterietako programazioa. Asteburuko desfileen parte hartzaile kopuruari dagokionez, marka historiko guztiak hautsi dira: 26 konpartsa eta 7.162 pertsona.

Ostegun Gizenarekin abiatuko dira ospakizunak; abesbatzen ibilbidea 17:30ean hasiko da, hiriko kaleetan zehar, eta 19:30ean Probintzia plazan elkartuko dira guztiek batera abesteko.

Ostiralean, otsailaren 21ean, Luis Aranburu musika eskolako ikasleen txanda izango da, 19:15ean emanaldia eskainiko baitute Plaza Berrian. 20:00etan, Indarra Kultur Elkarteak Kimuak, Iñausi eta berriak hazi lana eramango du oholtzara.

Gasteizko margolarien kalejirak emango die hasiera larunbateko ekitaldiei, Geltoki plazatik Andre Maria Zuriaren plazaraino.

Ondoren, inauterietako lehen desfilea Legutianoko atetik aterako da, 18:00etan. Inauterietako bigarren desfilea igandean egingo da, eguerdiko 12:00etan. Desfileak Iparralde gizarte etxetik irtengo dira, eta ibilbide hau egingo dute: Legutianoko atea, Frantzia kalea, Bake kalea, Ortiz de Zarate kalea eta Florida kalea, Florida parkean bukatzeko.

20:30etatik aurrera, Gaztea irratiak jai bat antolatu du Andre Maria Zuriaren plazan, disko jartzaileekin eta ETS taldearen kontzertu akustikoarekin. Ondoren, gau-jaia izango da Plaza Berrian, Tximeleta taldearen eskutik.

Bestalde, 23:00etatik 01:00era arte, Botapa Batukada Elkartearen kalejirak girotuko ditu Zabalguneko eta Hirigune Historikoko kaleak, Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta.

Azkenik, Sardina Erretzearekin amaituko da programazioa, otsailaren 25ean, asteartean. Bitartean, Gasteizko Turismo Bulegoan egongo da sardina ikusgai. Gainera, otsailaren 25era arte kartel lehiaketara aurkeztutako lanak ere ikusgai egongo dira Ibaiondoko gizarte etxean.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide