Euskal zinemari gainbegirada

Erredakzioa 2020ko ots. 20a, 11:57
'Soinujolearen semea' hilaren 26an ikusi ahalko da Vital Kulturunean. VITAL FUNDAZIOA

Euskal Zinemaren Astearen 36. edizioak sei film luze eta beste sei labur eskainiko ditu otsailaren 24tik aurrera; iaz aurkeztu zituzten lan zinematografiko onenen agertokia izango da Gasteiz.

Vital Fundazioak urtero antolatzen duen Euskal Zinemaren Asteak 36. edizioa beteko du aurten, eta Euskal Herriko zinemagileen sei film luze eta beste sei labur eskainiko ditu. Otsailaren 24tik 29ra bitartean, Euskal Herriko profesionalek iaz aurkeztu zituzten lan zinematografiko onenak bildu dituzte: La trinchera infinita, bi Goya sari irabazi berri dituena; Ventajas de viajar en tren, lau izendapen izan dituena; edo Vitoria, 3 de marzo. Euskaraz, bestalde, Soinujolearen semea eta Mateoren ama film laburra eskainiko dituzte.

Hala, astelehenetik larunbatera, 19:30etik aurrera, publikoak aukera izango du Vital Fundazioa Kulturunean emango den film labur bat eta, ondoren, film luze bat ikusteko eta solasaldi batean parte hartzeko.

"Trukerako gunea"

"Ehunka film, zuzendari, aktore eta ekoizle bildu dira jaialdi honen inguruan, eta ikusleen eta zinema egiten dutenen arteko trukerako gune izaten jarrai dezala nahi dugu", azpimarratu du Vital Fundazioko zuzendariak, Arantxa Ibañez de Opakuak.

David Sañudoren Un coche cualquiera film laburrak emango dio hasiera jaialdiari astelehenean; eta ondoren Vitoria, 3 de marzo filmaren txanda izango da. Asteartean, berriz, Iñaki Rikarte eta Aitor Kintanaren Pizza film laburra ikusteko aukera izango da, eta egun horretako pelikula luzea Aritz Moreno zuzendariaren Ventajas de viajar en tren izango da.

Hilaren 26an, Amargo era el postre iritsiko da pantailetara, Diego H. Kataryniuk zuzendu duen film laburra. Emanaldi horren ostean, Tanttaka Teatroa eta Tentazioa produkzioko sortzaile Fernando Bernuesen Soinujolearen semea lana eskainiko dute. 

Ostegunean, Kepa Sojo zuzendari eta gidoilari arabarrak hartuko du protagonismoa. Lehenik, Khuruf film laburra emango da, eta haren ostean, La pequeña Suiza pelikula ikusi ahal izango du publikoak.

Ostiralean, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagaren Mateoren ama lanaren txanda izango da. Film hori ikusi ondoren, La trinchera infinita jaialdiko lan indartsuenetakoaren unea iritsiko da. Goya sarietarako hamabost izendapen eta bi sari lortu ditu Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendari dituen lanak.

Euskal Zinemaren Astearen edizio honen azken saioa ixteko, Garbage film laburra eta Begirada luzeak hamar piezaz osatutako Gasteizi buruzko lehen film kolektiboa eskainiko dituzte. 

Euskal Zinemaren Asteko jardunaldi guztietarako 12 euroko abonua erosi nahi dutenek, edo 3 euroko sarrera solteak, www.fundacionvital.eus webgunean edo Aiztogile kaleko Kordoi Etxean egin ahal dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide