Dagoeneko 25 urte igaro dira Geurekin Mendira egitasmoak lehen irteera antolatu zuenetik. Hain zuzen ere, 1995eko otsailaren 19an izan zen Gasteiztik Ezkibelgo mendi tontorrera egindako lehen txango hura. Horretan parte hartu zutenen artean izan zen Begoña Ariznabarreta. Gogoan du oraindik ere nola sortu zen mendi talde bat eratzeko ideia: "Lagun batek proposatu zuen mendia eta euskara uztartuko zituen talde bat sortzea. Ideia ona iruditu zitzaigun eta garai hartako Geu Gasteiz aldizkarian iragarki batean jarri genuen, lehen txango horren berri emanez. Denera, 36 lagun elkartu ginen: umeak, gazteak, helduak, denetarik apur bat", azaldu du.
Ordutik hona, 200 irteeratik gora antolatu dituzte. Ariznabarretak adierazi du denborarekin aldatzen joan dela taldea, eta gaur egun, 45 urtetik gorakoak elkartzen direla bereziki. Horrekin batera, aipatu du lehen baino emakume gehiago joaten direla orain mendi irteeretara.
"Erraza eta eraginkorra"
Horrenbeste urtez irauteko "sekretuaz" galdetuta honakoa erantzun du: "Modurik errazenean eta eraginkorrenean antolatzen gara". Alegia, hasierako urteetan hainbat irteera egiteko autobusak erabiltzen bazituzten ere, gaur egun ibilgailu partikularretan mugitzen dira. Horretarako, hamar gidari dituzte: zortzi gizon eta bi emakume. Horrez gain, aipatu du ekainean hurrengo ikasturteko txangoak erabakitzeko batzarra egiten dutela eta irailean horren berri ematen dutela: "Modu honetan, badakigu irteerak nora eta noiz izango diren", azpimarratu du.
Euskal Herriko txokoak bisitatzen dituzte bereziki; mendi apalak eta handiagoak tartekatzen dituzte hilabetean behin antolatzen dituzten txangoetan, gehienetan hileko hirugarren igandean. "Normalean Gasteiztik 100 kilometro baino gutxiagora dauden mendietara joaten gara eta 10 eta 15 kilometro artean egiten ditugu". Ondo aukeratu dituzte, inoiz ez dute eta txango bat bertan behera utzi.
Otsailaren 23an, irteera berezia
Bestalde, urteurrena ospatzeko, Gasteiz inguruan mendi buelta erraza egingo dute igandean, hilaren 23an. Mendizorrotzeko aparkalekuan egin dute hitzordua, 08:30ean. Handik, Arrieta eta Rostetara joango dira; eta itzultzean, Gasteizko jatetxe bateko mahaiaren bueltan ospatuko dituzte zilarrezko ezteiak. Mendian euskaraz aritu nahi duen orok ditu ateak zabalik.