LAB sindikatuak Gasteizko Santiago ospitaleko sukalde zerbitzuan irregulartasunak egon direla salatu du: gaiaren atzean 200.000 euroko iruzurra egon daitekeela uste dute. Gaiari buruzko salaketa aurkeztu dute Fiskaltzan.
Irregulartasunak salatu dituzue. Zertan datza, zehazki, zuen salaketa?
Jesus Oñate: 2016tik jarraipena egin dugu, eta Santiago ospitaleko horniduran iruzurra ikusi dugu. Kontratazio-orriaren arabera, kanpoko enpresa bati ordaintzen zaio, baina gero hornidura hori ez da egiten, eta Santiagoko sukaldeko nagusiak biltegi publikoari egiten dizkio eskaerak. Horrek gastua bikoiztea suposatzen du. Txagorritxuren kasuan, kontratazio-orriak betetzen dira, baina Santiagon ez.
Raul Castillo: Kontratazio-orriak berdinak dira bi ospitaleetarako. Urtearen amaieran datu horiek aztertu behar dira, ekonomia txosten baten bidez, eta guretzat oso arraroa da txostena egiten duena horretaz konturatu ez izana.
Nola konturatu zarete horretaz?
R.C.: Txosten horiek Osakidetzako intranetean argitaratzen dira, informazio publikoa da. Horiek ikusita, konturatu ginen sukaldeko biltegian bazirela guri arraro iruditzen zitzaizkigun hainbat eskaera. Aipatu behar da Fiskaltzan afera hau salatu genuenetik txosten horiek argitaratzeari utzi ziotela.
J.O.: Aurretik ere estrategia berdina mantendu dute. ESI Araban egiten diren kontratazioen inguruko txosten bat egin genuen, eta, ondorioz, esan ziguten ez zigutela berriro curriculum bidezko kontratazioaren berri emango. Esan ziguten, hitzez hitz, ez zigutela informazioa berriro bidaliko, "guk horiek izorratzeko". Lan Eskaintza Publikoaren kontuarekin antzeko jarrera izan zuten: gure ikerketa estatistikoa atera genuenean, Osakidetzak oposiziogileen nota guztiak webgunetik kendu zituen.
Txagorritxuko datuak ere baliatu dituzue...
J.O.: Bai. Kontuan izan behar da txosten ekonomiko horiek oso konplexuak direla, aurrekontu handiak direla, atal asko dituztenak. Horregatik gure kasuan oso erabilgarria da bi ospitaleen sukaldeen arteko konparaketa egitea. Txagorritxuk urtero 125.000 dieta ematen ditu, eta Santiagok 70.000. Baina, halere, Santiagoko sukaldeak gastua bikoizten du. Hori ulertezina zen, eta horregatik hasi ginen hilabeteroko datuetan miatzen. 200.000 euroko zuloa da, eta egiaztatuta dago. Orain argitu beharra dago ondorio penalak ote dauden.
Zer ibilbide ikusten diozue Fiskaltzan egindako salaketa horri?
R.C.: Azaroaren 19an jarri genuen salaketa, baina ez dakigu ikerketak zenbat denbora emango duen, hori ez dago gure esku. Uste dugu aurrera doala, ESI Araban ikertzeko batzorde txiki bat martxan jarri dutelako. Bide judizialaz gain, abenduan Nekane Murga osasun kontseilariak agerraldia izan zuen legebiltzarrean. Orduan onartu zuen gaiari buruz txosten bat egin behar zela, baina dagoeneko hiru hilabete igaro dira eta momentuz ez dute ez txostenik egin ez azalpenik eman. Murgaren adierazpenak nahiko lotsagarriak izan ziren. Izan ere, berak zioenak ez zeukan zerikusirik guk salatzen genuenarekin, eta gaitik erabat aldendu zen.
Gardentasunari dagokionez, alderik ikusten al duzue Jon Darpon kontseilari ohiaren eta Nekane Murgaren artean?
J.O.: Estrategia berdina jarraitu dute. LEPan izandako iruzurragatik joan zen Darpon, eta orduan eman ziren pausuak orain ematen ari diren berdinak izaten ari dira. Aurpegiak aldatu dituzte, baina ez da egon gardentasunaren aldeko mugimendurik. Kontrakoa dela esango nuke: informazio bat intranetean jartzen dute, baina, ikertzen hasten garenean, kentzen dute. Guretzat hori lotsagarria da. Azaroaren 18an zuzendaritza osoarekin bildu ginen, gai hau Fiskaltzara eraman baino lehen azalpenak bilatuz. Hasieratik gaiari garrantzia kendu diote, diru kopuru handia ez zela esanez. Haien kezka handiena zen ea datu horiek nondik atera genituen. Baina ez ziguten bestelako azalpenik eman. Horregatik Fiskaltzara joan eta dimisioak eskatzea beste biderik ez dugu ikusi. Gainera, salaketa jarri eta hurrengo egunean, sukaldean gauzak behar ziren moduan egiten hasi ziren, hornidura horiek kanpoko enpresei eskatuta.
Eta aipatzen duzuen iruzur hori orokorragoa izan liteke?
J.O.: Bikoiztasunen gaia konplexua da, baina jakin badakigu beste zenbait arlotan gertatzen ari direla. Adibidez, mantentze lanetan. Erizaintzako eskolan agindu bat argitaratu zuten, non langile publikoei hainbat lan egiteko eskatzen zizkioten. Baina langileak konturatu ziren lan horiek kanpoko enpresa batekin kontratatuak zeudela, eta orduan atzera bota behar izan zuten hasierako agindu hori. Sukaldean gertatu denari buruzko frogak ditugu, baina argi dugu hau lan egiteko modu bat dela. Horregatik, pribatizazioaren kontrako borroka baten barruan kokatu dugu salaketa, kanpoko enpresak onartezinak diren gauzak egiten ari direlako. Zulo ekonomikoak eta eremu alegalak daude, eta horietan enpresek nahi dutena egiten dute.
Ospitalera nentorrela, pribatizazioaren kontrako kartel asko ikusi ditut...
J.O.: Bai, eta badirudi ez dutela gustuko guk informazioa zabaltzea. Segurtasun arloko nagusiak gure aurrean kendu ditu kartelak, gu probokatu nahian. Harekin liskarretan ari ginela, ospitaleko zuzendariak sakelako telefono batekin grabatu gintuen. Hori izan da orain arte jaso dugun erantzun bakarra.