Unibertsitatera iritsi da Gasteizko tranbia

Erredakzioa 2020ko ots. 18a, 10:48
Larunbatean estreinatu zen Gasteizko hegoaldeko tranbia. / Gasteizko Udala

Larunbatean Gasteiz hegoaldeko luzapena inauguratu ostean, tranbiak 1,4 kilometroko luzera eta hiru geltoki berri izango ditu: Florida, Hegoalde eta Unibertsitatea.

Larunbat goizean esteinatu zituen Gasteizko tranbiak Angulemako geltokia eta Unibertsitatekoa lotzen dituzten 1.400 metroak eta hiru geltoki berriak, Florida, Hegoalde eta Unibertsitatea.

Hemendik aurrera, Ibaiondotik datorren tranbiaren azken geralekua Unibertsitatea izango da, eta Abetxuko adarrarena, berriz, Florida. Enbor komunean, hau da, Honduras eta Florida artean, maiztasuna 7,5 minutuz behingoa izango da, eta gainerako tartean 15 minutukoa.

Lehenengo bidaia

11:00ak aldera, Ibaiondotik zetorren unitateak Florida kaleko ibilbidea egin zuen lehen aldiz, orain arte egindako frogak kontuan hartu gabe.

Bertan, eskuinera hartu zuen, eta Las Trianas zubia zeharkatu zuen. Ondoren, Castro Urdiales kalea hartu, Nieves Canotik jarraitu eta Martinez de Aragon kalean amaitu zuen ibilbidea. Tranbiak bost minutu behar izan zituen, guztira, Floridatik Unibertsitateraino iristeko.

Gasteizko tranbiaren hegoaldeko luzapena erabili zuten bizilagun askok. / Gasteizko Udala

 

Zerbitzua doakoa izan zen larunbatean, eta ondoren hainbat ekitaldi antolatu ziren, inaugurazioa ospatzeko. "Trazatuaren luzapenak Unibertsitatea hirira hurbildu du, garraio publiko moderno, jasangarri eta irisgarriari esker", ospatu du Gasteizko Udalak.

Azken bi urteetan, batez beste, 40 langile aritu dira lanean egunero, eta guztira, 150.000 lanordu egin dituzte.

Tranbia Unibertsitatera luzatzeko lanen aurrekontua 14,3 milioi eurokoa izan da, eta Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren arteko hitzarmenaren bitartez finantzatu dira. Eusko Jaurlaritzak %65eko ekarpena egin du; beste %35a Aldundiaren eta Udalaren artean, erdibana.

Bizilagunen protestak

Doako zerbitzua probestu zuten lagunez gain, tranbiaren hegoaldeko luzapenaren aurkako bizilagunen txistuak, pankartak, aldarri oihuak edo etxeko balkoitik zintzilikatutako bandera laranjak ere nagusitu ziren. Tranbiarik Ez Hegoaldean plataformako kide batzuk tranbiara igotzea lortu zuten, tranbiaren luzapen obrak diru publikoarekin ordaindu izana salatzeko.

Igandean bertan sare sozialetan zabaldutako mezu batean haserre agertu da plataforma: "Bideoan Hegoaldeko tranbia hutsik ikusten da. Non daude masa handiak? Zer kontatuko digute gaur komunikabideek?".

Tranbiarik Ez Hegoaldean plataformaren protestak. / @Galtzagorri

 

Salburua, Zabalgana eta unitate estra luzeak

Floridako geltokiaren ondoren, tranbiarako maniobra mahuka bat eraiki da; mahuka hori, aurreikuspenen arabera, datorren asteetan hasiko den Salburuko luzapenaren lotunea izango da. Adar berri honek beste bi kilometrotan luzatuko du tranbiaren trazatua, eta bost geraleku berri izango ditu: Santa Luzia, La Iliada, Nikosia, La Union plaza eta Salburua.

Halaber, Zabalganeko luzapenean eraikiko diren tranbiaren kotxetegietarako informazio azterlana lizitatu zuen iragan astean Euskal Trenbide Sareak. Datozen asteetan Zabalganako azterlanaren tramitazio publikoari ekingo zaio.

Lehen unitate estra luzeek zirkulazio probak egin dituzte egunotan, baina oraindik ez da posible izan erabiltzaileekin zerbitzurik ematea. Euskotrenek azaldu du datozen egunetan pixkanaka sartuko dituela unitate berriak zerbitzu komertzialetan.

Unitate berriek 7 modulu eta 44 metroko luzera dituzte, eta zerbitzuan eraman dezaketen pertsona kopurua 270etik 400era igo dute. "Mugikortasunari dagokionez Green Capitaleko hiri garraioaren ardatz egituratzailea bilakatu da tranbia", adierazi du Gasteizko Udalak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide