Inspira STEAM

Nesken artean zientzia-bokazioak sustatuko ditu CIC Energigunek

Erredakzioa 2020ko otsailaren 17a

Lau emakume ikertzailek parte hartuko dute proiektuan, mentore gisa. / CIC ENERGIGUNE

Energiaren biltegiratzea ikertzen duen erakundeak Inspira STEAM proiektuarekin bat egin du.

CIC Energiguneko lau emakume ikerlari Inspira STEAMeko emakume mentoreen taldean sartu dira. Modu horretan, proiektuan parte hartzen duten neskei lanbidearen errealitatea helaraziko diete, emakume ikertzaileen ikuspegitik.

Neskato eta neska gazteen artean zientziarekin eta teknologiarekin erlazionatutako ikasketen aurreko interesa sustatzeko sortua da Inspira STEAM, Deustuko Unibertsitatearen ekimenez. Horretarako, urtean zehar, ikastetxeetan hainbat hitzaldi antolatzen dituzte. Hitzaldi horietan, neskek zientzia eta teknologiaren alorreko ogibideetan emakumeek duten presentzia ikusteko parada dute, beti ere jardun horretan ari diren ikertzaileen eskutik, zuzen-zuzenean. 

CIC Energiguneren kasuan, Laura Acebo, Maica Morant, Maria Angeles Moreno eta Iciar Monterrubio izango dira neskei zientzia eta teknologia hurbilduko dizkieten ikertzaileak.

Berehalako helburua "ikasketa teknologikoetan hautematen den emakume ikasleen beherakada geldiaraztea da", ikerketa-zentroak ohar baten bidez adierazitakoaren arabera. Aipatu dutenez, estatuko unibertsitate sistemako ikasle guztien %54 dira emakumeak, baina Ingeniaritza eta Arkitektura titulazio teknikoetan duten presentzia %26 baino ez da. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago