Zinegotzi lanak utzi eta Diputaziora bueltatuko da Felipe Garcia

Erredakzioa 2020ko ots. 12a, 17:43

Aldundiko lanetara bueltatuko da Felipe Garcia. / Gasteizko Udala

Igor Salazarrek ordezkatuko du Udalean; Prestakuntza, Enplegua eta Merkataritza zerbitzuak kudeatuko ditu.

Felipe Garcia (PSE) zinegotzia aurreko agintaldian Aldundian zuen lanpostura itzuliko da –Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko foru zuzendaritzara–, duela zortzi hilabete izendatu zuten ordezkoak, Belen Gonzalezek, kargua utziko baitu arrazoi pertsonalengatik. Haren lekuan Igor Salazar hasiko da Gasteizko Udalean.

Igor Salazarrek (Gasteiz, 1992) EHUn Zuzenbideko ikasketak egin zituen, eta Lanbideko Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzako teknikari juridiko gisa lan egin du. 2017tik, Azterlan eta Programen aholkulari izan da Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailean. Arabako Gazteria Sozialisten idazkari nagusia ere izan zen Salazar.

Garciaren ordezkapenarekin, aldaketa batzuk izango dira gobernuko arloetan. Maider Etxebarriak Sustapen Ekonomikoa eta Turismoa koordinatzen ditu, eta hemendik aurrera Biltzarren Zerbitzua ere bere gain hartuko du. Salazarrek, berriz, Garciak gidatu dituen zerbitzuetako batzuk kudeatuko ditu: Prestakuntza, Enplegua eta Merkataritza; gainera, zinegotzi berria Kontratazio Mahaiko kide izango da, Borja Rodriguez lankidearen ordez.

Estibaliz Canto izango da Hezkuntza eta Kultura arloetako titularra. Gizarte Etxeen Zerbitzua utziko du, eta Udal Administrazioaren Herritarren Partaidetzaren eta Gardentasunaren zinegotzi Borja Rodriguezek hartuko du ardura hori; Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentia, berriz, hirugarren alkateorde izendatuko dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago