Gaizki-ulertuen leihoa zabalik

Esti Lanao 2020ko ots. 6a, 12:05
Otsailaren 7tik 23ra izango da ikusgai erakusketa./E. Lanao

Basque misreadings. BERRIAn gaizki irakurriak erakusketa aurkeztuko dute bihar Oihaneder Euskararen Etxean. Hilaren 23ra bitartean, ikusgai izango da Edu Zelaieta idazleak eta Eneko Ugarte artistak BERRIA egunkarian gaizki ulertutako albisteekin osatutako lana.

BERRIAn irakurritako pasarteak abiapuntu hartuta, gaizki-ulertuen beste leiho bat ireki dute Oihaneder Euskararen Etxean. Bihar, hilaren 7an, Basque misreadings. BERRIAn gaizki irakurriak erakusketa aurkeztuko dute Euskararen Etxeko erakusketa aretoan, 19:00etan, eta otsailaren 23ra arte izango da ikusgai.

Hitzekin jolastu dute Edu Zelaieta idazleak eta Eneko Ugarte artistak elkarlanean, eta BERRIA egunkarian gaizki irakurritako albisteekin osatu dute erakusketa. Bi urte eta erdiko denbora tartean argitaratutako testuez baliatuta, gai ezberdinak, ahots ezagunak eta ez hain ezagunak hartu eta literatura-komunikazioa eta arte plastikoak uztartzen dituen diziplinarteko proiektu bat osatu dute. Bi sortzaile gasteiztarren helburua ez da, ordea, irakurritakoak zuzentzea, baizik eta horiek ikustean gogoak nora eramaten gaituen erakustea.

Literaturaren eta plastikotasunaren ikuspegian oinarrituta, hiru atalek osatzen dute proiektua: ilustrazioa, kromatismoa eta hiru dimentsioko sorkuntzak. Elementu horien bidez, misreading kontzeptuaren prozesua islatu nahi izan dute, forma ezberdinak sortzeko, eta baita ikuspegi kritikoa, erreflexiboa eta umorezkoa agerrarazteko ere.

Gonbidatu bereziak izango dira ostiraleko aurkezpenean: Ane Gebara ipuin kontalaria eta Beñat Goitia sortzailea. Bi partaide horien laguntzari esker, antzezpen ikutua emango diote ekitaldiari, eta ahozkotasunak eta soinuak bat egingo dute papera eta tintarekin. Horren ondoren, gerturatzen direnek aukera izango dute sortutako piezak ikusi, ukitu eta proposatutako jolasean murgiltzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide