Santa Ageda bezpera kalez kale ospatuko dute

Erredakzioa 2020ko ots. 4a, 10:34
Santa Ageda bezpera ospatuko dute Gasteizen. / Argazkia: Arakamaren Txokoa

32 abesbatzek hartuko dute parte Gasteizen, 2019an baino zazpi gehiagok. Abeslarien kopuruak ere nabarmen egingo du gora aurten, 1.267tik 1.595era.

32 abesbatza ibiliko dira Gasteizko kaleetan barrena Santa Ageda bezpera ospatzen, 17:00etatik 21:30era bitartean. Hiriko hainbat talde aterako dira hirian zehar ohiko errondak egitera; kopla zaharrak kantatuko dituzte auzoetan zehar, eta makilak eramango dituzte koplaren erritmoarekin bat lurra kolpatzeko.

Aurtengo datuak deigarriak dira: izena emateko epea urtarrilaren 16tik 29ra bitartean egon zen zabalik, eta 1.595 kidek eman dute izena, 32 abesbatzatan banatuta. "Gorakada nabarmena izan da, joan den urtean 25 talde eta 1.267 pertsonak hartu zuten parte, egin kontu. Horrek erakusten du herritarrek tradizio hau berreskuratzeko eta zaintzeko nahia dutela", azpimarratu du Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Cantok.

Zergatik ospatzen dugu Santa Ageda?

Otsailak 5ean da Santa Ageda, Agata Cataniakoaren omenez, eta otsailaren 4an, bezperan, ospatzen da urtero. Emakumeen zaindaritzat hartzen da Santa Ageda, eta ohitura da bezperan kopla zaharrak kantatzea eta makilekin lurra jotzea erritmoa markatzeko. Diru edo janari eskean, jantzi tradizionalekin eta kriseiluarekin kalera ateratzea da ohituraren parte.

Santa Ageda edo Agate Deuna Catanian, Sizilian, jaio zen 235. urtean. Tradizioak dioenez, Kintziano enperadorearen asmo eta nahiei aurre egin zien Agatak, eta horregatik hiltzera kondenatua izan zen 252ko otsailaren 5ean; bularrak moztu zizkioten eta hil arteko torturak sufritu zituen.

Gerora, Eliza Katolikoak saindu izendatu eta otsailaren 5a aukeratu zuen bera omentzeko.

Hala ere, ospakizuna kristautasuna zabaldu aurreko garaietan sustraituta dago. Aditu batzuen ustez, Agataren inguruko festek zerikusi handia dute inauteriekin, inauste edo kimatze garaiko erritoekin. Neguko solstizioaren ondoren, eguna luzatzen hasten denean, zuhaitz adarrak kimu berritzen hasten dira eta orduan izaten da zuhaitz adarrak inausteko garaia.

Naturaren esnatzea ospatzeko, mutilak kopla kantari ibiltzen ziren etxez etxe, janari eske; ondoren, bildutakoarekin afaltzen zuten mutil eta neska denek batera.

Kristautasuna Euskal Herrira zabaldu zenean, Santa Agata eguna ezarri zuen, beste ospakizun askorekin egin bezala. Elizak errito eta ospakizunak bereganatu eta itxura berri bat eman zien orduan. Erritu zaharren eta kristauen arteko nahasketak ekarri zuen gaur egungo ospakizuna.

 

32 abesbatza Gasteizen

Urtero bezala, Arabako herrietan, auzoetan, elkarteetan zein ikastetxeetan ere, makilak hartuko dituzte eta kalera aterako dira ohiko abestiak atez ate kantatzera. Hala ere, Gasteizko kasuan, abesbatzek izango dute protagonismoa. Izan ere, abesbatzek Kultura Sailaren sari bat jasoko dute aurten.

Hona hemen Gasteizen arituko diren abesbatzen izenak eta bakoitzaren erronda gunea:

Izena eman duten lekua Abesbatzaren izena Erronda gunea Pertsona-kopurua
Aldabeko g. e. Laukale Antso Jakituna 45
Aldabeko g. e. Haritz hostoa San Prudentzio / Diputazio kalea / Andre Maria Zuria / Arka 50
Aldabeko g. e. PEC Iparralde Iparralde 12
Aldabeko g. e. Araba Abesbatza Erdialdean 38
Ariznabarreko g. e. Armentia ikastola Ariznabarra / Zabalgana 110
Pilarreko g. e. Marianistas Ikastetxea Alde Zaharra 15
Pilarreko g. e. Ausartak Pilar / Erdialdea 13
Pilarreko g. e. Ametsak Antso Jakituna 32
Pilarreko g. e. Berakah Taldea Alde Zaharra 25
Hegoalde g. e. Adurtza Lan Zentroa San Kristobal / Adurtza 12
Hegoalde g. e. Iratxoa San Kristobal / Adurtza 25
Hegoalde g. e. Judimendikoak Judimendi / Erdialdea 30
Ibaiondoko g e. Ibaiondo Sot Ibaiondo 100
Iparralde g. e. Samaniego 1LH Iparralde / Bilbo plaza / San Anton plaza 93
Iparralde g. e. Samaniego 2LH Eroski / San Anton plaza / Bilbo plaza 49
Iparralde g. e. Samaniego 3LH Iparraldeko parkea / Iparralde 43
Iparralde g. e. Samaniego 4LH Eroski / Iparralde / Iparraldeko parkea 86
Iparralde g. e. Samaniego 5/6LH Katedral Zaharra / Arkupeetako egoitza / Andre Maria Zuria 115
Iparralde g. e. Samaniego Haur Hezkuntza Estenaga Apezpikua 93
Iparralde g. e. Zokozorri Guraso Elkartea Zaramaga / San Prudentzio 60
Iparralde g. e. Centro Ocupacional Helios San Prudentzio / Zaramaga 30
Judimendiko g. e. Angel Ganivet Santa Luzia / Judimendi 80
Judimendiko g. e. Centro Ocupacional Salburua Arana auzoa 40
Lakuako g. e. Toki Eder Gurasoen Abesbatza Ibaiondo – Lakuabizkarra 12
Zabalganeko g. e. Aldaialde Eskola Zabalgana 80
Zabalganeko g. e. Zabalgana Batuz Auzo Elkart Zabalgana 30
Zabalganeko g. e. Zabalgana Euskara Taldea Zabalgana 50
Zabalganeko g. e. Kalez Kale Zabalgana 12
Zabalganeko g. e. Zabalganeko Eskola Zabalgana 80
Zabalganeko g. e. Mariturri LHHH Zabalgana 80
Zabalganeko g. e. Zabalgana Institutoa Zabalgana 30
Goiuri jauregia Zazpigarrenak Erdialdea /Judimendi 25
  GUZTIRA: 32   1595

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide