Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, emakume bati sexu eraso bat egitea leporatuta

Erredakzioa 2020ko urtarrilaren 31

Erasoa salatzeko, elkarretaratzea deitu du Gasteizko Mugimendu Feministak.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, hogei urteko gizon bat atxilotu du gaur Ertzaintzak Gasteizen, emakume bati eraso egitea egotzita. Jaurlaritzaren arabera, erdiguneko taberna batean elkar ezagutu eta ordu batzuk geroago gertatu da erasoa; biktimaren etxeko atarian.

Elkarrekin etxera joatea proposatu dio gizonak emakumeari, eta atarira heldu direnean eraso dio. Erasotzailea ordu batzuetara atxilotu dute, baina gertatutako ikertzen ari dira oraindik. Susmagarriak, polizia-aurrekariak ditu.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak erasoa gaitzetsi du, eta babesa adierazi dio emakumeari. Udaleko Bozeramaileen Batzordea gaur arratsaldean batzartuko da, arbuio adierazpen bat adosteko.

Gasteizko Mugimendu Feministak, bestalde, elkarretaratzea deitu du larunbaterako; 13:00etan izango da Andre Maria Zuriaren plazan.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago