La Polla Records Gasteizera itzuliko da

Erredakzioa 2020ko urt. 31a, 10:44
La Polla Records Gasteizen izango da ekainaren 13an. / Argazkia: Daniel Fernandez

Talde aguraindarrak kontzertua eskainiko du Gasteizen ekainaren 13an. El Drogas, Lendakaris Muertos, Kaotiko eta Cerveza Suicida izango ditu oholtzakide, Mendizabalan.

Azkena Rock Festival jaialdia baino astebete lehenago, aguraindarrek Gasteizen emango duten azken kontzertua izango da. 40 urteko historia itxiko dute horrela; izan ere, eszena behin betiko utziko du punk rock taldeak 2020an. Kontzerturako sarrerak dagoeneko salgai daude 30 eurotan.

2019an itzuli ziren agertokietara, 16 urteko geldialdiaren ostean. Azken kontzertuak 2003an eskaini zituzten, eta orduko bost taldekideak mantentzen dira agur bira honetan: Evaristo, Sume, Abel, Txiki eta Tripi. Ni descanso, ni paz diskoa kaleratu zuten aurten amaituko den birari hasiera emateko.

Gasteizko Jimmy Jazz aretoan egin zuten kontzertu "sekretuaz" gain, Valentzian, Madrilen, Bilbon eta Bartzelonan egindako geltokietan sarrera guztiak agortu dira. 2019an, guztira 100.000 lagun baino gehiago bildu dituzte kontzertu horiek.

Latinoamerikara bisitarekin hasi du La Pollak 2020. urtea. Bira latinoamerikarra amaitzean itzuliko dira, kontzertu sorta mugatu bat eskaintzeko. Horien artean Mendizabalako emanaldia dago, momentuz Araban egingo duten bakarra. Ekainaren 13an, larunbatean izango da 17:30etik aurrera.

La Polla Recordsen kontzertu historiko honetan, El Drogas, Lendakaris Muertos, Kaotiko eta Gazte Talent 2019 lehiaketako irabazle Cerveza Suicida taldeak izango ditu bidelagun.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide