Gasteizko Euskararen Ahotsak

33 begirada 50 urteko berreuskalduntze prozesuari

Erredakzioa 2020ko urt. 28a, 12:56

Gasteizko Euskararen Ahotsak egitasmoaren berri emateko aurkezpen-topaketa egingo dute asteazkenean 19:00etan Oihaneder Euskararen Etxean.

Badihardugu Kultur Elkarteak 2014an abian jarri zuen Gasteizko Euskararen Ahotsak egitasmoa, Gasteizko Udalaren Euskara Zerbitzuarekin eta Oihaneder Euskararen Etxearekin elkarlanean.

2019an Gasteizko Udalak emandako laguntzari esker, proiektuarekin aurrera egiteko aukera izan dute: elkarrizketatuta zeuden hiztunen grabazioak landu eta pasarte interesgarrienen bideoak sareratu dituzte. Horrez gain, hamabost elkarrizketa gehiago grabatu dituzte.

Asteazkeneko aurkezpen-topaketaren asmoa jasotako 33 testigantzen berri ematea da, baita "transmisio bide bati ekitea" ere.

Grabazioetako partaideak topaketara gonbidatu dituzte, eta hauekin batera Gasteizko arlo ezberdinetako ikus-entzuleak ere izango dira ekitaldian. "Azken 50 urteetan Gasteizen jorratu den berreuskalduntze prozesuaren inguruan elkar-truke interesgarria" egin nahi dute antolatzaileek.

"Pasarte ezberdinak ikusi eta denon artean komentatuko dira", azaldu dute. Ekitaldiaren aurkezpen eta dinamizazio lanetan Miel Anjel Elustondo kazetaria izango da, proiektuan elkarrizketatuetako lagunetako bat.

33 testigantza jaso dituzte 'Gasteizko Euskararen Ahotsak' proiektuan. / Argazkia: Oihaneder

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago