Adostasun falta Gasteizko auditoriumaren inguruan

Erredakzioa 2020ko urt. 24a, 09:24
Alkatea eta udal taldeak Bayon arkitektoarekin bildu dira. / Argazkia: Gasteizko Udala

Gorka Urtaran alkateak Gasteizko kultur azpiegitura handiak garatzeko ituna eskaini die udal taldeei. Hala ere, auditoriuma Senda ibilbidean eraikitzeko Bayon arkitektoek aurkeztutako proiektuak ez du oposizioa konbentzitu.

Aste honetan, Bayon arkitektoek auditoriumaren proiektuaren ahalmen teknikoak azaldu dizkiete udal taldeei; hainbat diziplina artistiko eta aisialdi zein biltzar jarduerak hartzeko duen moldagarritasunaren inguruan ere aritu dira.

Gorka Urtaranek "hausnarketa eta analisi sosegatua" eskatu die taldeei. "Eman diezaiogun aukera bat eta ordain dezagun hiriak kulturarekin duen zorra", adierazi du alkateak. Udal gobernuak Gasteizko lau kultur azpiegitura handiak garatzeko ituna proposatu du: auditoriumaren proiektuaz gain, Gasteiz Antzokia, Principal Antzokiaren eraberritzea eta Iradier Arena garatzea aurreikusi dute.

Mariano eta Pablo Bayon arkitektoek duela hamarkada bat landu zuten Gasteizko auditoriumaren proiektua, Euskaltzaindiaren plazan aurreikusita eta "bikaintasun akustikoaren" printzipioan oinarrituta. Orain, Senda ibilbidetik gertu dagoen Musikaren ibilbideko lursailera egokitzea proposatu dute udal taldeekin egindako azken bileran: "Lehen mailako musikako kultura-establezimendu bat" eraikitzea defendatu dute.

Aretoaren akustikari buruzko hainbat xehetasun azaldu dituzte, baita soinuaren bikaintasuna bilatzeko aretoak dituen beharrei buruzkoak ere. Gainera, proiektua lursail berrira egokitzeko beharretako batzuk ere zehaztu dituzte.

Horrez gain, hasierako proiekta landu zenetik hamabi urte igaro dira, eta ondorioz, iraunkortasun material eta energetikoari buruzko irizpideak eguneratu behar ditu: argiztapen sistema berriak eta energia berriztagarriak erabiltzeko, eta passivhaus irizpideak kontuan hartzeko, besteak beste.

Senda ibilbidean kokatu nahi dute auditorium proiektu berria. / Argazkia: Gasteizko Udala

 

Zalantzak oposizioan

Hala ere, proiektu berriak ez du oposizioa konbentzitu, eta EAJren eta PSEren babesa baino ez du oraingoz.

Oposizioak "lehenik eta behin, beharren inguruko azterketa bat" egitea eskatu du; izan ere, auditorium berria lehentasunezkoa ez dela deritzote gainontzeko udal taldeek.

EH Bilduk azpimarratu du lehentasuna "hiriak dituen azpiegiturak erreformatzea, biziberritzea eta edukiz betetzea" dela. Udal talde honen arabera, beste azpiegitura batzuk "beharrezkoak edo desiragarriak" diren aztertu baino lehen, Iradier Arenaren eta Principal Antzokiaren biziberritzea legoke.

Udalerrian dauden kultur beharrei buruz gizarte eragileekin azterketa bat egitea proposatu du Elkarrekin taldeak, "halako inbertsio ekonomiko bati ekin aurretik".

PPren arabera, "Urtaranek huts egindako auditorium proiektua berreskuratu nahi du, eta beste dirutza ordaindu Principal Antzokitik kanpo geratzen dena ere hartu ezin duen zerbaitetan".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide