Artea eta hezkuntza, eskutik

Juanma Gallego 2020ko urt. 23a, 13:25
'Euskara ardatz, artea bide' hartu dute lelotzat proiektuaren filosofia adierazteko. / IREKIA

Magnet-Erakarri egitasmoan murgilduta daude Barrutia ikastola eta Artium museoa, artearen bitartez eskola-curriculuma ezarri eta berrikuntza sustatzeko asmoz. Lehen emaitzekin oso pozik azaldu dira. 

Ikasturte honekin batera hasi dute abentura, baina hiru urtetan zehar esperimentatzeko moduan izango dira Barrutia ikastolako ikasleak. Izan ere, Magnet-Erakarri izeneko proiektuari ekin diote ikastetxean, Artium museoarekin kolaborazioan, artea ere motxilan sartzeko moduko hezkuntza-tresna izan dadin. Jaurlaritzaren eta Udalaren babesa duen programa hau Ameriketako Estatu Batuetako eta Kataluniako esperientzietan dago oinarrituta, zientziari eta kulturari lotutako proposamen berritzaileen bitartez zenbait ikastetxetako curriculumak are erakargarriagoak egiteko.

Aurkezpen "ofiziala", kamerez inguratutako agintariak datozen horietakoa, iazko abenduaren 18an egin zuten, eta egun horretan bertan egiaztatu ahal izan zen ikasleek, irakasleek eta gurasoek ilusioaz hartu zutela artearen munduan murgiltzeko erronka. Ordukoa urrian hasitako lanak aurkezteko unea izan zen.

Esperientzia berritzaile horren ondorioz ikastolan lehen aldaketak eman direla nabarmendu du proiektuko koordinatzaile Marimar Buenok.

Besteak beste, enpatia, konfiantza edota sentsibilitatea lantzeko jolasak, musika eta gorputz-adierazpenak baliatu dituzte. Nerea Lekuona artistarekin hitzen tailerra egin dute, ikasleek beraiek ikastola nolakoa nahi duten hitz batean bil dezaten. Musika elektronikoarekin esperimentatzeko lantegia izan dute, eta zinegileekin Ni, Gu, Hau, Islak izeneko dokumental poetikoa sortu dute.

Orain arte lortutako emaitzekin pozik azaldu da proiektua koordinatzen duen Mari Mar Bueno irakaslea. "Aurten, gainera, guraso elkarte berria dugu, eta proiektua garrantzitsua izan da komunitatea elkartzeko", nabarmendu du. "Funtsezkoa da irakasleak, gurasoak eta ikasleak ildo beretik joatea, eta proiektua oso lagungarria izan da". Ikasleak oso motibatuta daudela dio irakasleak. "Alde guztietatik bat egitea eta ilusioa piztea lortu dugu".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide