Hitzarmen "duin" baten aldeko paroak Detesan

Erredakzioa 2020ko urt. 22a, 14:13

Urtarrilaren 20tik 24ra paroak egingo dituzte Detesako langileek. / Argazkia: ELA sindikatua

Detesako enpresa batzordeak paroak deitu ditu aste osoan zehar, astelehenetik ostiralera. Urtebete baino gehiago daramate "enpresan bizi den prekarietateari aurre egingo dion" hitzarmena negoziatzen.

Metalgintza arloko Gasteizko enpresa honetan "langileen proportzio handi batek" epe mugatuko kontratua duela salatu du ELA sindikatuak.

Enpresa batzordearen arabera, langile horiek mugagabeko kontratuak izan beharko lituzkete; izan ere, lan estrukturala egiten dute, "behar tenporalekin zerikusirik ez duena".

Horrez gain, langile berriek "lan berdina" egiten duten arren, jada enpresan dauden langileek baino gutxiago kobratzen dutela azaldu du sindikatuak: "Soldata bera izatera heltzeko urteak pasa behar dira".

ELA sindikatua hitzarmen kolektibo "duin" bat negoziatzen ari da enpresarekin. Epe mugatuko langileek eta enpresan sartzen diren gazteek "sufritzen duten prekarietateari aurre egiten dion hitzarmena" nahi dutela azaldu du sindikatuak.

Hala ere, enpresako zuzendaritzaren ezezkoaren aurrean mobilizatzeko erabakia hartu dute, eta paroak egiten ari dira urtarrilaren 20tik 24ra. Gaur ere, lana utzi dute eta fabrikaren kanpoaldera atera dira, elkarretaratzea egiteko. Enpresa "negoziatzera eseri arte" mobilizazio gehiago egingo dituztela iragarri dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago