Mercedeseko langile baten kaleratzea baliogabetzat jo dute auzitegiek

Erredakzioa 2020ko urtarrilaren 22a

Mercedeseko zuzendari Emilio Titosen dimisioa exijitu dute. / ALEA

Mercedes-Benz enpresako sindikalista baten kaleratzea baliogabea dela erabaki du EAEko Auzitegi Nagusiak, langilearen adierazpen askatasunaren eskubidea urratu zuelako. Emilio Titosen dimisioa eskatu du ESK sindikatuak.

"Langilea ezin da kaleratua izan enpresa bera edo bere zuzendaritza kritikatzeagatik; adierazpen askatasuna oinarrizko eskubide bat da eta ezin da enpresaren zuzendaritzaren botereagatik mugatua izan", adierazi du ESK sindikatuak, urtarrilaren 17an epaiaren berri izan ostean. Kaleratutako langilea sindikatu honetako afiliatua zen.

Sindikatuaren arabera, afiliatu honen eta beste bi langileren kaleratzearen berria jasotzean, enpresa batzordearekin batera "egoerak eskatzen zuen mailan" kokatu zuten gertatutakoa.

Mercedes-Benz Arabako sare industrialaren enpresa erreferente bat izanda ere "kaleratze arbitrarioak" egitearen larritasunaz ohartarazi dute. Enpresako zuzendari Emilio Titosen dimisioa exijitu dute, "berak hartu edo onartu zuelako" kaleratzeko erabakia.

"Inongo lan esparrutan ezin dira horrelako bortxaketak egin, eta ezin dira doakoak izan", ziurtatu du ESKk.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago