Gizon bat atxilotu dute Gasteizen sexu abusuengatik

Erredakzioa 2020ko urt. 21a, 09:42

Ertzaintzak igandean atxilotu zuen 54 urteko gizonezkoa. / Alea

Ertzaintzak 54 urteko gizonezko bat atxilotu zuen igandean Gasteizen, emakume baten aurkako sexu abusua leporatuta. Sexu-ukituak egin ondoren, furgoneta batean sartzen saiatu zen Mendizorrotza auzoan. Karguekin aske gelditu da gizona.

Igande arratsaldean, gizonezkoa 19 urteko emakumearengana hurbildu zen, eta honen baimenik gabe sexu-ukituak egiten hasi zitzaion. Emakumea, jazarpena saihesteko, erasotzailearengandik urrundu zen hasiera batean.

Handik minutu batzuetara, emakumeak alde egiten zuen bitartean, gizonezkoa berriro hurbildu zitzaion eta emakumea furgoneta batean sartzen saiatu zen.

Alde egitea lortu ondoren, biktimak berehala deitu zuen Ertzaintzara gertatutakoaren berri emateko; iritsi zirenean salaketa jarri zuen emakumeak, eta ertzainek berehala atxilotu zuten erasotzailea.

Ostalaritza-lokal baten inguruan topatu zuten ustezko erasotzailea. Izapideak amaitu ondoren, atxilotua epailearen aurrera eraman zuten, Arabako Instrukzioko 1. zenbakiko Epaitegira. Sexu abusua eta legearen aurkako atxiloketa leporatuta, karguekin aske gelditu zen astelehen arratsaldean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago