Zinema jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin eskaintzen duen Filmazpit zikloaren barruko proiekzioa.
Aurten, berezitasun bezala, zinema munduko bi pertsonek egingo dute filmen aukeraketa. Oraingoan, Patricia Lopez Arnaiz aktore gasteiztarraren txanda izango da.
Aktoreak aukeratutako lehenengo filma Sounds of Resilience (Xuban Intxausti, 2016, Espainia, 60′) da.
Sinopsia: Maite Arroitajauregi Mursego euskal artista Sarajevora eta Gorazdera doa musika-pieza bat sortzera: Albinoniren adagioa du abiapuntu, Vedran Smailovic-ek (“Sarajevoko txelo-jotzaileak”) frankotiratzaileen tiroen artean jo zuena, ogia lortzeko ilaran zeudenean erail zituzten 22 zibilen omenez. Mursegok gerraren ondorioak eta Bosnia-Herzegovinako egungo egoera ezagutu ditu bertako herritarren eskutik. Emakume borrokalarien, pentsalarien, gerlari ohien, ikasleen eta musikarien lekukotzak jaso ditu, eta horiek dira Sarajevon amaieran egingo duen kontzerturako inspirazioa, soinuen bidez. Traumak gainditzeko gaitasunari eta musikaren ahalmenari buruzko dokumentala dugu hau.
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.