Merkataritza eta ostalaritza alorretan euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin, Gasteizko Udalak "Gasteizen bai" kanpaina aurkeztu du aste honetan, maiatzera arte garatuko dutena. Bi jarduera-ildotan oinarrituko da: komunikazio kanpaina bera (kartelak, iragarkiak, flyerrak …) eta programazioa, sare sozialetako lehiaketa batetik hasi eta hiriko ostalaritza- eta merkataritza establezimenduei omenaldia egiteraino. Udalarekin batera, Aldundiak eta Aenkomer, Gasteiz On eta Bai Euskarari elkarteek ere parte hartu dute kanpainan.
"Euskararen aldeko keinua egitera gonbidatzen ditugu herritarrak, merkataritza eta ostalaritza bezalako sektore hain garrantzitsuetan arreta jarriz. Negozio horietako profesionalak Gasteiz osora iristen dira beren jarduerarekin, eta pisu handia dute hizkuntza paisaian", Iñaki Gurtubai euskara zinegotziak azaldu duenez. "Bi sektore estrategiko eta zeharkakoak dira, eta bultzada handia ekar dezakete gure udalerriaren euskararen erabilerak aurrera egin dezan".
Euren sektorean euskararen alde urratsak egin eta egingo dituzten profesionalak ere aitortu nahi dituzte kanpainaren bidez. Diseinatutako karteldegian, hain zuzen ere, Dolomiti (jatetxea), Goretti (ile-apaindegia), Vinylora (musika denda) eta Txirrinduz (bizikleta denda) establezimenduak daude.
Herritarrei irekitako programaz gain, hainbat merkataritza eta ostalaritza gunerekin ere modu zuzenean egingo dute lan. Hainbat material emango zaie, hala nola errotuluak, fakturen takoak, ordutegiak edota itzulpenak.
2018ko azken datuen arabera, hiriko merkataritzan eta ostalaritzan lan egiten duten pertsonen %22 euskalduna da. %32k, berriz, euskara ulertzen du.
196 entitate Araban
Bien bitartean, Bai Euskarari komunitatera 30 entitate berri batu dira Araban 2019. urtean –Euskal Herrian 67–, eta dagoeneko 196 dira. Besteak beste, Bacalao Giraldo, Etxabe Bereziak, Gamarrako Ostalaritza Eskola, Iturrieta Sagardotegia, Vinylora eta Zurrupa taberna batu dira azken urtean.
Bai Euskarari ziurtagiria Elkarteak euskararen erabilera arlo sozioekonomikoan areagotzea du helburu; euskara erabiltzeko eta sustatzeko lanean ari diren enpresak, saltokiak eta era guztietako entitateak identifikatu, aitortu eta pausoak ematen laguntzen dituen ziurtagiria da. Eskuratze-prozesuan elkartearen teknikariek laguntzen dute.