URAk Zadorra ibaia babestuko du uholdeak saihesteko

Erredakzioa 2020ko urt. 16a, 10:09
Gorka Urtaran alkateak bigarren faseko obrak bisitatu ditu. / Argazkiak: Gasteizko Udala

Abetxuku eta Gamarra artean uholdeak saihesteko helburuarekin, ur handietarako ibilgu batek ibaiaren hustubide-ahalmena handituko du. Lubeta batek ur handiei eutsiko die, eta inguruko trafikoaren inpaktu bisuala eta akustikoa murriztuko du.

Bi milioi euroko inbertsioa duen obrak erabilera publikorako gune berde bat egokitzea ere aurreikusten du. Gune honek Eraztun Berdeko oinezkoentzako eta txirrindularientzako ibilbideei jarraipena emango die. Uraren Euskal Agentzia (URA) Abetxuku zubiaren eta Gamarra Nagusiko zubiaren arteko zatian garatzen ari da proiektua.  

Gasteizko Udaleko Ingurumen sailburu Iñaki Arriolak adierazi duenez, "uholdeak izateko arriskua nabarmen murriztuko" dira. Bestalde, ibaiaren ibilgua hiri-parke gisa berreskuratuko dela azpimarratu du. 2020. urtearen amaieran amaitzea aurreikusi dute.

Jarduketa Gamarra Nagusiko zubitik ibaian behera ur handiek hartuko duten ibilgu bat sortzean datza, Zadorraren ezkerraldean: ibaiaren hustubide-sekzioa handitzeko, eta horrela uholdeen altuera eta hedadura murrizteko; bai tarte horretan, baina baita ibaian gora ere.

Behin ibilgu bikoitza sortuta, babes-lubeta eraikiko da ezkerreko ertzeko uholde-lautadan zehar, Zadorra etorbidearen paraleloan.

Ingurumen-balio txikiko 500 zuhaitz inguru kendu behar izan dituzte -makalak, batez ere-; horien ordez ibaiertzeko espezieen 800 ale berri landatuko dituztela azaldu dute.

Iñaki Arriolarekin batera, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak proiektuaren bigarren faseko obrak bisitatu ditu. Bisitan, Ernesto Martinez de Cabredo URAko zuzendaria, Ana Oregi Gasteizko alkateordea eta Cesar Fernandez de Landa Ingurumenaren Plangintza eta Kudeaketako zinegotzia ere izan dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide