Binterrek lotuko ditu Tenerife eta Kanaria Handia Forondako aireportuarekin

Erredakzioa 2020ko urt. 14a, 16:54
140 bidaiari ingururentzako lekua dauka Embraer E195-E2 ereduak. / Argazkia: Binter

Ryanairrek Tenerifeko basea itxi ondoren, Kanarietako Binter hegazkin-konpainiak berreskuratuko du uharteen eta Forondaren arteko lotura.

Joan den hilean Forondako aireporturako lehiaketa kaleratu zuen VIAk, eta enpresa bakarra aurkeztu zen. Ondorioz, Binter airelineak kudeatuko ditu Kanaria Handiko eta Tenerifeko loturak 2020. urtean. Erakundeek 220.000 euro ordainduko diote enpresari hegaldi horiengatik eta bertako turismoa uharteetan sustatzeagatik.

Hegaldi erregularrak apirilaren 1etik aurrera egongo dira martxan. Hegaldi berriek astean bitan -egun bat irla bakoitzeko- lotuko dute Arabako hiriburua Kanaria uharteekin, hiru ordu inguruko ibilbideekin.

140 bidaiari ingururentzako lekua daukan Embraer E195-E2 hegazkin ereduarekin egingo du hegan Binter enpresak.

Mugimendu ekologistak kezka agertu du

Gasteizko Fridays for Future mugimendu ekologistak kritikatu ditu Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak eskainitako diru laguntzak. "Hegazkina garraiobide kolektibo kutsakorrena da ikerketa guztien arabera", azaldu dute.

Halaber, "koherentzia falta" leporatu diete erakundeei. Izan ere, duela gutxi klima larrialdia deklaratu dute Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalbatzak. Foru Aldundiaren kasuan, klima aldaketaren aurka adierazitako konpromezuarekin bat ez datorren erabakia dela adierazi diote Ramiro Gonzalezi: "Diru hau garraio publikoa hobetu eta merketzeko erabili ahalko lukete, adibidez".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide