9.700 euroko eskaera fiskala Twitterren idazteagatik

Erredakzioa 2020ko urt. 14a, 10:41
Txiolarien adierazpen askatasunaren aldeko elkarretaratzea Gasteizen. / Argazkia: Hala Bedi

Twitter sare sozialean @ikerbest bezala aritzen den Iker Gomez gazte gasteiztarrak epaiketa bati aurre egin beharko dio, Hala Bedik jakinarazi duenez: 16 hilabetez, egunero 20 euroko isuna ordaintzeko eskatu du Fiskaltzak.

Gasteiztarrak zitazio judizial bat jaso zuen 2019ko urrian, Fiskaltzaren salaketa baten harira. Orduan, Arabako Probintzia Auzitegian deklaratzera deitu zuten, sare sozialean idatzitako mezuetan "gorroto delituak eta sentimendu erlijiosoaren aurkako atentatuak" egotzita.

Gaztearen aurkako salaketak aipatzen zituen txioak Alde Hemendik mugimenduarekin lotutako mezuak ziren; baita Altsasuko gazteen aldekoak edota Kataluniako erreferendumaren osteko karga polizialen aurkakoak ere.

BGD Abokatuak taldeak hartu du kasuaren defentsarako ardura. Besteak beste, Cassandra Veraren kasua eraman duten abokatuak dira; hots, Carrero Blancori buruzko txisteak Twitterren idazteagatik Auzitegi Nazionalak epaitu eta zigortu zituen lehen pertsonetako bat.

Deklaratzera bi aldiz deitu dute Iker Gomez, baina protesta moduan, ez aurkeztea erabaki zuen. Horren ostean, ahozko epaiketa bati aurre egin beharko dio datozen hilabeteetan, irain delitu bat egotzita; hala ere, berak azaldu duen bezala, oraindik ez du hitzordu zehatzik jaso.

Jaso duen gauza bakarra eskaera fiskala izan da: egunero 20 euroko isuna, 16 hilabetez; guztira 9.700 euroko eskaera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide