Mariano Rajoy Espainiako presidentea zen 2018ko urtarrilean, Gobernuaren neurriak salatzeko pentsiodunak kalera atera zirenean. Orduz geroztik, astero bildu dira azken bi urteetan, aldarrikapen berari eutsita.
"Bi urte kalean, merezi izan du", ziurtatu dute gaurko mobilizazioan; izan ere, haien "eskaerak alderdi politikoen eta erakundeen agendan" sartzea lortu dutela uste dute, "maila materialean lortutako beste garaipen" batzuekin batera.
Hala ere, oraindik gauzatu ez diren aldarrikapenak aipatu dituzte: 1.080 euroko pentsioa edota generoen arteko aldea gainditzeko osagarri autonomikoa, besteak beste.
Espainiako Gobernu berriari dagokionez, "kalean egindako presioarekin lagundu" behar dutela adierazi dute, "neurri horiek egi bihurtzen laguntzeko".
Azkenik, urtarrilaren 30ean Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako greba orokorrarekin bat egingo dutela iragarri dute. Bitartean, plazetan jarraituko dutela ziurtatu dute.