Muinoko Hotsak

Gasteizen izango da Sexty Sexers taldearen itzulerako lehen kontzertua

Erredakzioa 2020ko urt. 13a, 10:59
Sexty Sexers taldeak 'Beltza, Iluna eta Sakona Tour 2020' bira abiatuko du. / Argazkia: badok.eus

Martxoaren 14an joko du Gasteizko Gaztetxean, Muinoko Hotsak egitasmoaren barruan; Red Iron Squad taldea ere oholtza gainean izango da.

Badok atariak zehaztu du azken aldian zurrumurrua zena: "Duela egun batzuk jakin genuen Sexty Sexers itzultzekoa zela aurten, eta gaur ezagutu dugu noiz izango den".

Musikari buruzko webgunean argitaratu duten bezala, biraren izena Beltza, Iluna eta Sakona Tour 2020 izango da, eta taldeak hiru kontzertu egingo ditu horren barruan: Gasteizko hitzorduaz gain, Gernikan eta Hondarribin izango dira, apirilaren 4an eta 24an, hurrenez hurren.

Berako (Nafarroa) taldeak Hero Mantra azken diskoa kaleratu zuen duela hamaika urte; eta duela sei urte eman zuen azken kontzertua. Geroztik, Zakillers, Joseba B. Lenoir edo Mutürbeltz bezalako proiektuak martxan jarri dituzte taldekideek. Martxoaren 14an izango dira bueltan, Gasteizko Muinoko Etxean.

Urtarrilaren 31n, Lepora eta Lisabö

Horrez gain, urtarrilaren 31n Lepora eta Lisabö taldeek eskainiko dute Muinoko Hotsak egitasmoaren urteko lehen kontzertua.

Lepora talde gasteiztarra Kashbad, Iont, Same Old eta Libe taldeetan aritutako hainbat musikarik sortu duten proiektu berria da.

Bestalde, Lisabö 1998an sortu zen Irunen eta post-rock soinuetatik gertu dabilen rock esperimentala eramango dute oholtza gainera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide