Proposamenez josita dator aurtengo Danzalava jaialdia. Hamabi ekintzaz osatutako egitaraua eskainiko dute laugarren edizio honetan, otsailetik aurrera. Lantegiak, publikoa sentsibilizatzeko erakustaldiak, topaketak, laguntza koreografikoak eta sormen-laborategiak izango dira Artium museoan eta Erriberagoitiko Lasierra herrian.
Jaialdiak estatuan eta nazioarte mailan garrantzitsuenetakoak diren mugimenduarekin lotutako 200 profesional baino gehiago ekarri ditu, lehenengo edizioaz geroztik. Artista euskaldunez gain, tartean, Madril, Bartzelona, Paris, Txile eta Argentinatik etorritakoak ere izango dira, tekniken eta mugimenduen perfekzioa bilatzeko asmoz.
Monica Valenciano, Julyen Hamilton, Idoia Zabaleta, Oscar Gomez Mata, Marta Izquierdo, Txubio Fernandez de Jauregi, Mark Tompkins eta Florence Augendre dira aurtengo gonbidatuak, eta Araba mugimenduaren lengoaia berrientzako eta dantza garaikiderako ikerketa, formakuntza eta sentsibilizazioaren erreferente bihurtu nahi dute.
Era berean, emakume sortzailea ikusgarriagoa izateko apustua egiten jarraitzen du Danzalavak. Zentzu horretan, formakuntza proiektuak lan ildo pertsonal bat lortzeko erraztasunak jartzen ditu jaialdiak, eta sorkuntza ardatz garrantzitsua bihurtzeko lanean ari diren emakumeez inguratutako proiektu eta espazioak izango dira.
Horrez gain, indarberrituta dator Danzalava, Dantzagunea dantza zentroarekin elkarlanean aritzeko hitzarmena sortu ondoren. Akordio honek lurralde ezberdinen arteko artisten igarotzea eta sarea osatzen lagunduko du, eta lotura indartsua izango da dantza ikasteko eta sortzeko Euskadiko zentro inportanteenarekin.