Banda Lehiaketa

Gasteizko Txosnek 40. urteurrena abiatu dute

Erredakzioa 2020ko urt. 9a, 18:08
Txosnen 40. urteurreneko lehen ekimena aurkeztu dute gaur. / Argazkia: @Entxosnatu

Gasteizko Txosnek 40 urte beteko dituzte aurten, eta datozen hilabeteetan antolatuko dituzten ekimenen artean lehena aurkeztu dute gaur Jimmy Jazz aretoan: Banda Lehiaketaren edizio berria.

"Disketxeren batekin indarrean dagoen kontraturik" ez duen Euskal Herriko edozein musika taldek parte hartu dezake lehiaketan. Talde irabazleak Gasteizko Txosnaguneko eszenatokian jotzeko aukera izango du hiriko jaietan; horrez gain, 500 euroko saria ere irabaziko du.

Epea otsailaren 27ra arte egongo da zabalik, eta aurkeztu nahi duten taldeek Gasteizko Txosnen webgunearen bitartez egin beharko dute. Bertan topatuko duten betekina osatu eta hiru abesti bidali beharko dituzte.

Sailkatutako zortzi taldeak martxoaren 5etik 12ra bitarte iragarriko dituzte; horietatik lau pasako dira finalera. Emakumeen zein talde arabarren presentzia bermatzeko irizpideak ezarri dituzte.

Finala martxoaren 26an Jimmy Jazz aretoan antolatuko den emanaldia izango da, eta han erabakiko da talde irabazlea.

Gasteizko Txosnek antolatutako Banda Lehiaketaren bigarren edizioaren oinarriak eta informazio guztia topatuko duzue hemen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide