'Liniers jeneralaren atxiloketa' margolana lehen aldiz izango da Arte Ederren Museoan

Erredakzioa 2020ko urt. 3a, 12:50
Pablo de Urangaren 'Liniers jeneralaren atxiloketa' lana. AFA

Pablo de Uranga margolariaren iloba Elena Maria Uranga Azpirik dohaintzan eman zuen.

Pablo de Urangaren Liniers jeneralaren atxiloketa lana, lehenengoz, ikusgai egongo da Arabako Arte Ederren Museoan, Gasteizen. Elena Maria Uranga Azpiri pintorearen ilobak 2017an dohaintzan eman zuen, eta Arabako Foru Aldundiko Zaharberrikuntza zerbitzuak eta Carolina Garcia Maudes zaharberritzaileak berritu dute.

Formatu handiko pintura historikoaren adibide ona da margolana. Urangak 1910eko Buenos Airesko Nazioarteko Erakusketara aurkeztu zuen, Maiatzeko Iraultzaren 100. urteurrena ospatzeko.

Obrak hainbat deformazio zituen euskarrian, denbora luzez bilduta eta giro hezean egoteagatik. Oihala oso gastatuta zegoen, tarratadak zituen eta onddoen erasoa nabaria zen eremu handi batean. Gainera, azaleko zikinkeria zeukan, eta eremu batzuetan kolorea galduta, oihala behar ez bezala biribilkatua izatearen ondorioz.

2016. urtean, Arabako Foru Aldundiko Zaharberrikuntza Zerbitzuko pintura zaharberritzaileek urgentziazko zaharberrikuntza egin zuten; eta 2017an, Carolina Garcia Maudes zaharberritzaileak tratamendu fungizida bat egin zuen, gastatutako zuntzak indartu eta finkatu zituen, pintura geruzan zegoen zikinkeria kendu zuen, eta kolore galerak lehengoratu zituen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide