Pirritx, Porrotx eta Marimotots izango dira protagonista Haur Ikuskizunen XVI. Erakustaldian

Erredakzioa 2019ko abenduaren 26a

Go!azen ikuskizunak bi emanaldi izango ditu larunbatean.

Musika, dantza, antzerkia, pailazoak eta beste zenbait osagai nahasten ditu jaialdiak eta “etxeko txikienentzat bereziki pentsatutako ikuskizunak” direla azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek. Orotara, hiru ikuskizun ezberdin eta bost emanaldi izango dira ikusgai datorren urtarrilaren 2a bitartean, Mendizorrotza kiroldegian.

Gaur bertan, ostegunean, hilak 26, Dubbi Kids taldeak ‘Dubbi Kids Happy Live Tour’ ikuskizuna eskainiko du, arratsaldeko sei eta erdietan. Show dibertigarri eta jostaria da, zuzeneko musika eta ahotsekin.

Larunbatean, abenduak 28, ‘Go!azen’ telebistan arrakasta izugarria lortutako ikuskizuna iritsiko da. Bi saio izango dira, eguerdian eta arratsaldeko sei eta erdietan.

Urtarrilaren 2an, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek lan berria estreinatuko dute Gasteizen: ‘Bizi dantza’. Ohiko duten moduan, pailazokeriak, kantua, dantza eta poza uztartuz balio eraikitzaileak partekatzea izango dute helburu. Honetan ere bi ikuskizun izango dira, lehena eguerdian eta bigarrena arratsaldeko sei eta erdietan.

Sarrerak salgai

Abenduaren 9an jarri ziren salgai Haur Ikuskizunen Erakustaldirako sarrerak, baina oraindik bada sarrerarik zenbait saiotarako.

Astelehenetik larunbatera bitartean eros daitezke,  www.elcorteingles.es web-orrian. Gainera, ikuskizunaren egunean bertan Mendizorrotzeko kiroldegiko leihatilan erosi ahalko dira sarrerak, ikuskizuna hasi baino bi ordu lehenagotik, soilik emanaldi horretarako eta dirutan ordainduta.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago