Milaka pentsionista mobilizatu dira Gasteizen

Erredakzioa 2019ko abenduaren 12a

Bost mila pentsiondunek hartu dituzte Gasteizko kaleak. HALABEDI

Pentsio publikoen defentsan borrokan jarraituko dutela adierazi dute eta mesfidantza agertu dute Espainiako eta Gasteizko gobernuen aurrean.

Antolatzaileen arabera, bost mila lagunek parte hartu dute gaur goizean Gasteizen deituta zegoen pentsio duinen aldeko manifestazioan. Bi zutabe abiatu dira, 10:00etan, Europa jauregitik bata eta Iparralde gizarte-etxetik bestea, eta Katedral Berrian egin dute bat. Bitartean, pentsionisten ordezkariak Eusko Legebiltzarrera hurbildu dira.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pentsiodunen elkarteek Eusko Legebiltzarrari eskatu diote ekimen legegile bat aurkeztu dezala Espainiako Diputatuen Kongresuan, gutxienez 1.080 euroko pentsioak bermatzeko eskatuz. Urtarriletik aurrera talde politiko guztiekin bildu nahi dute ekimen legegilea prestatzeko.

Amaiera ekitaldian pentsio duinen alde borrokan jarraituko dutela berretsi dute, eta urtarrilaren 30erako Eskubide Sozialen Kartak deitu duen greba orokorrean parte hartzeko deia luzatu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago