Gutxi dira Euskal Herrian basiliskoa bezalako izaki mitologikoa jasotzen dituzten kondairak, eta horietako bakarrenetakoak Araban daude. Ezagunena Urrialdo herriko putzuan bizi omen zen piztia da, baina bazegoen beste bat –ezezagunagoa– Lupierro herriaren inguruko bentan, Quintanilla de la Riberan, Argantzonetik gertu. Eremu biek ezaugarri bera dute: horietan ez da etxerik zutik gelditzen.
Urrialdon, alta, tenplu erromanikoaren hormak eta arkua zutik diraute, galsoroek inguratuta, eta pintaketekin "apainduta". Beste margo preziatuago batzuk gorde zituzten bere garaian Urrialdoko Erremedioen Amaren baselizaren hormek, 1936. urtean aurkitu zituzten pintura gotikoak hain zuzen; baina denboraren eta utzikeriaren eraginez, guztiz desagertu ziren.
Euskal Herriko bandokideen arteko gerrak tarteko, XIV. mendean pixkanaka husten hasi zen Urrialdo; eta XX. mendean etorri zen herriaren behin betiko gainbehera. Izan ere, 1935. urtean alde egin zuen bertatik azken biztanleak, familiako etxea sute batean kiskali eta gero. Hurrengo urtean erre zen ere baseliza.
Halere, elezaharrak basiliskoari egotzi dio aspalditik herriaren gainbehera. Katu bat bezain handia da basiliskoa, "burua oilarraren gisakoa du baina horzduna, gorputza sugearena bezalakoa, hegoak arantzez beteak eta isatsa lantza bezain luzea eta puntazorrotza". Izan daitekeen animaliarik beldurgarriena ei da, eta bere begiradak gauzarik txarrenak egin ditzake: landareak zimeltzen ditu, arbolak ihartzen, hegaztiak hegan doazenean erorarazten eta gizakiak hiltzen ditu.
Oilar zaharrak hil zuen
Kondairak dio Urrialdoko bizilagunak baselizaren ondoko iturburuan ura edatera hurbiltzen zirenean basiliskoa azaltzen zela eta hil egiten zituela. Horregatik, herritik alde egitea erabaki zuten gehienek. "Egun batean, ordea, ia lumarik ere geratzen ez zitzaion oilar zahar bat inguratu zen putzura. Basiliskoa azaldu eta begira geratu zitzaion; oilar zaharrak, ordea, begirada itzuli zion. Horrela egon ziren une batez. Orduan, oilarrak kukurruku egin zuen eta basiliskoa harri bihurtu zen eta urpean hondoratu zen".
Kondairaren arabera, harrezkero ez dute basiliskorik ikusi inguruan, baina alde egindako biztanleak ez ziren inoiz itzuli. Urrialdo inguruko herrietan basiliskoaren elezaharra erabili dute maiz aitona-amonek bilobak Urrialdoko iturritik urruntzeko.
Martiodatik bisita
Martiodatik iparraldera, hiru kilometrora, Urrialdoko elizaren eta kiskalitako etxe bakarraren hondarrak ikus daitezke. Eremu hori ezagutu nahi izanez gero, txango ederra eta lasaia egin daiteke Martiodatik bertatik, Oto Barrenetik edo Mendozatik. Bide batez, Arrato mendilerroko inguruak zeharkatzeko aukera ere baliatu daiteke Urrialdoko bisita.
Martiodan bertan, gainera, Arabako Hurtado de Mendozatarren dorretxea dago, hain zuzen 1984an Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen dorretxea, bere balio historiko eta arkitektonikoa aintzat hartuz. Aitzitik, kontserbazio faltagatik, 2015ean, barrualdeko egurrezko egitura erori egin zen, baita dorrearen teilatu zati bat ere. Arabako Foru Aldundiak, 2016. urtean, hasi zuen eraikina birgaitzeko obrak egiten, eta 2018. urtean amaitu zituen horiek.